
1911ko abenduaren 14an, Roald Amundsen norbegiarraren espedizioa Hego Polora iritsi zen. 35 egun beranduago, Robert Falcon Scott britaniarraren espedizioa puntu berberera iritsi zen. Amundsen eta Scotten arteko lehia historiak eman duen lehiarik ezagunenetarikoa da, apika, Scotten espedizioak izan zuen amaiera tamalgarriarengatik. Antartida istorio handiak eman dituen kontinentea da. Amundsen eta Scottena alde batera utzita, seguruenik, izan zuen amaierarengatik ere, Ernest Shackleton protagonista izan zuen bidaia dugu istoriorik handiena.
Bidaia honen hasiera, jada, berezia izan zen. Izan ere, Londreseko portua utzi zuen egun berean, Erresuma Batua I. Mundu Gerratean sartu zen, hots, 1914ko abuztuaren 1ean. Espedizioa Weddell Itsasoan den Vashel Badiaruntz abiatu zen. Hortik, Hego Polora abiatu eta kontinentearen beste puntan den Ross Uhartea izan behar zuten jomuga. Hala ere, espedizioa ia hasieran bertan behera utzi behar izan zuten, Vashel Badiara iritsi baino lehen Endurance ontzia izotzan harrapatuta geratu baitzen. Izotzaren presioaren eraginez Endurance txikituta geratu zen eta hor hasi zen britaniarren odisea.
Ontziaren babesarik gabe, izoztuta zegoen Weddell Itsasoa zeharkatu behar izan zuten lerak erabilita. Ondoren, txalupetan Hegoaldeko Shetland uhartetara iritsi ziren. Han, txalupa handiago bat eraikitzea lortu zuten, 7 metro ingurukoa. Horrelako txalupa txiki batekin, Shackleton bera eta beste lau lagun Hego Atlantikotik abiatu ziren. Hauen helburua, Hego Georgia uhartera iristea zen, han laguntza lortuko zutelakoan. Bidaia hau, egin zen garaian (udazkenaren amaiera hego hemisferioan) eta Drake Pasabidea igaro behar izan zutela kontutan izanik, oso arriskutsua izan zen eta ez du parekorik izan nabigazioaren historian. Orientatzeko, sestante txiki batetaz baliatu ziren soilik.
Azkenean, nola edo hala, Hego Georgiara iritsi ziren. Han, bertan den mendilerroa 36 ordutan igaro eta Grytviken herrira iristea lortu zuten. 22 hilabete eta hiru saiakera ondoren, lortutako laguntzari esker, Shetland uharteetan geratu ziren beste 22 lagunak erreskatatzea lortu zuten. Ez zen hildakorik izan.