Drogen kontsumoak behera egin du gazteen artean

Estatu mailan burutzen den Bigarren Hezkuntzetako Ikasleen Droga Erabileraren inguruko Inkestaren arabera alkohol eta drogen kontsumoak behera egin du 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean.

Inkesta horretan 37.486 ikaslek hartu dute parte eta, guztira, 18 gai psikoaktibo desberdinen kontsumoak aztertu dira. Oro har, aztertu diren droga guztien kontsumoa jaitsi da. Aipatu adin tarte horretan gehien kontsumitzen diren drogak alkohola, tabakoa eta kalamua dira.

Substantziak

Inkestak jaso dituen datuen arabera, alkohola da droga nagusiena gazteen artean. Hala ere, gai horren kontsumoa nabarmen jaitsi da, bereziki, kontsumo intentsiboen kasuan. Hala ere, inkestak badu kezkarako zenbait datu: 14 eta 18 urte bitarteko ia 300.000 gazte alkohola kontsumitzen hasi dira. Kontuan izan behar da, ia gazte horiek guztiak adingabeak direla eta, printzipioz, ezin dutela alkohola duten edariak erosi.

Alkoholaren kontsumoa nabarmen hazten da asteburuetan. Gehien kontsumitzen den edaria garagardoa da eta, jarraian, konbinatuak eta ardoa.

Kezkarako datu gehiago: inkestatutako gazteen ia % 2k alkohola egunero kontsumitzen duela onartzen du eta % 20ak azken hilabetean gutxienez mozkorraldi bat izan duela dio.

p4391B

Tabakoaren kasuan, 2004. urtean hasitako joera mantentzen da eta, gaur egun, gai horren kontsumoa bere mailarik baxuenean aurkitzen da. Hala ere, inkestak jasotako datuen arabera, azken urtean, 14 eta 18 urte bitarteko ia 140.000 gazte tabakoa kontsumitzen hasi dira. Egunero tabakoa erretzen duten gazteen ehunekoa 8,9koa da, aurreko inkestan baino lau puntu gutxiago eta duela hamar urte baino 12 puntu gutxiago (% 21,5 eta aipatu % 8,9, hurrenez hurren).

Substantzia hipnolasaigarrien kasuetan ere kontsumoa nahikotxo murriztu da. Kontsumo hori, batez ere neskekin erlazionatzen da, horiek baitira nagusiki substantzia horien kontsumitzaile nagusienak.

Droga ilegalak

Droga ilegalen artean, kalamua da gehien kontsumitzen dena (ikasleen % 30ak probatu du gai hori). Azken urtean, 14 eta 18 urte bitarteko ia 150.000 gazte kalamua kontsumitzen hasi dira eta egunero porroak erretzen dituztenen ehunekoa 3,2koa da. Bestelako droga ilegalen artean, kokainarena da gehien egonkortu den kontsumoa. Anfetamina, estasi edo heroinaren kontsumoek, berriz, azken urteetan izan duten beherako joerarekin jarraitzen dute.

Emaitza hauek azaltzerakoan, adituek krisiak izan duen eragina ezin dela ahaztu azpimarratzen dute. Izan ere, baliabide ekonomiko urriagoak izanik, gazteek drogak kontsumitzeko aukera gutxiago dituzte. Horrelako substantzien kontsumoek gazteen hazkundean eragin negatiboa izateaz gain, kontsumo goiztiarrek bestelako arazoak ere izan daitezkeela erakusten dute.