Eta garunaren % 100 erabiliko bagenu?

Sarritan entzun izan dugu gizakiok gure garunaren % 10 bakarrik erabiltzen dugula, hots, ez diogula etekin osoa ateratzen. Baieztapen hori Albert Einsteini leporatu izan zaio nahiz eta berak inoiz horrelakorik ez esan. Asko izan dira, batez ere pasa den mendearen hasieran, ideia hori defendatu duten ikerlanak. Hala ere, neurozientzia esparruan izan diren aurrerapenei esker jakin izan denez, gizakiok jada gure garunaren % 100 erabiltzen dugu, baita lo gauden bitartean ere. Hori dela eta, gaur egun % 10aren mitoaz ere hitz egiten da (Scarlet Johanson protagonista duen ‘Lucy’ filman ideia horretan sakontzen da).

Azken urteetan neurozientzian izan diren aurrerapenei esker gizakion garunaren mapa osoa osatu ahal izan da eta bertan, garuneko alde guztiek funtzioren bat betetzen dutela jakin ahal izan da.

Garunaren jarduera aztertzeko erresonantzia magnetikoaren teknika garatu da. Teknika hori erabiliz ez dela jarduerarik gabe den gure garuneko alderik ikusi ahal izan da. Lo egiten dugun bitartean, gainera, garunak oso funtzio garrantzitsuak betetzen ditu, hala nola, memoria finkatzea.

Jarduera horrek noski badu bere kostua. Garunak gure gorputzak kontsumitzen duen energiaren % 15-20 inguru gastatzen du. Kontutan izan behar da proportzionalki garunak oso pisu gutxi duela (batez beste, gure gorputzaren % 3 inguru). Eboluzioan aditu diren zientzialarien ustez, energia gastu hori aintzat hartzen bada, garunaren % 90 jarduerarik gabe izatea oso ‘garesti’ izango litzateke. Eboluzioarekin jarraituz, gure garuna gero eta handiagoa da; zertarako beharko genuke tamaina handiago bat garunaren ahal guztia erabiltzen ez badugu?
Hala ere, berriki ikerketa batek azaldu duenez, pertsona adimentsuenek garun-jarduera gutxiago izaten dute. Antza denez, pertsona adimentsuek modu eraginkorragoan erabiltzen dute bere neurona sistema.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.