Doodling: zure izaera azal dezaketen zirrimarrak

Ikasgelan zaude eta irakasleak azaltzen duen horren haria galdu duzu. Zure aurrean orri zuri bat eta eskuan arkatza. Inkontzienteki edo, zirrimarrak marrazten hasten zara. Ezaguna egiten zaizu egoera hori? Praktika hori, ingelesez, Doodling hitzarekin ezagutzen da eta, adituen ustetan, orrialdean marrazten dituzun irudi inozo horiek zure izaeraren berri eman dezakete.

Doodling-a idazketa baino prozesu inkontzienteagoa da eta, pertsonaren arabera, marrazkiak era batekoak edo bestekoak izan daitezke. Normalean badira sarritan errepikatzen diren zenbait sinbolo edo irudi: etxeak, eguzkiak, hodeiak, kotxeak, loreak, txoriak, geziak, izarrak, zenbakiak edota norberaren izena.

Zenbait adituen ustetan marrazki inozo horien atzean gure burmuinaren prozesu interesgarri bat aurkitzen da. Psikologoen ustetan, doodling-ak gure sormenarekin lotuta dagoen burmuinaren eskuin aldearekin du harremana. Sarritan entzun izan dugu margolari edo idazle batek mihise edo orri zuri baten aurrean duten beldurra. Hori ekiditeko, doodling-a jarduera egokia izan daiteke, nolabait, gure burmuinarentzat berotze-ariketa antzeko bat izan baitaiteke.

Idazketaren edo grafologiaren antzera, zirrimarra horiek gure izaera edo nortasunaren berri eman dezaketela defendatzen dute zenbait adituk. Horrela, inkontzienteki marrazten ditugun zirrimarra horiek jasotako kultura eta hezkuntzaren araberakoak direla diote praktika horren defendatzaileek. Grafologian letraren tamaina, itxura eta tartea aztertzen den bitartean, doodling-ean marrazkiak eta sinboloak dira garrantzitsuak. Adibidez, gora begira marraztuta dauden geziek arrakasta izateko grina adieraziko lukete. Norabide guztietara begira dauden geziek, berriz, pertsona ireki baten aurrean gaudela adierazten dute. Lerro zuzenak marrazten dituztenak pertsona zuzenak lirateke, hots, esan behar duten hori itzulinguruka aritu gabe esaten dutenak. Zirkuluek eta gurutzeek lehiakortasuna adieraziko lukete eta izarrek, berriz, perfektutasuna. Marrazten diren irudi edo sinboloen kopurua ere esanguratsua izan daiteke pertsona baten izaera zehazteko. Horrela, orrialde osoa marrazten duten pertsonek edota soilik izkin batera mugatzen direnek nortasun desberdinak azaltzen dituzte.

Gazte eta nerabeen kasuan, marrazki horiek nortasun gatazkatsuak antzemateko ere baliagarri izan daitezke.