Hezkuntza-mailak osasuna baldintzatzen du

College London, Oxford eta Lausanneko unibertsitateetako ikertzaileek osatutako lantaldeak egin duen eta, berriki, British Medical Journal aldizkarian argitaratu den ikerketaren arabera, ikasketa-aldia luzatzeak gaixotasun koronarioak izateko aukerak murriztu ditzake. Ikerketa hori burutzeko, aurretik egindako beste 112 ikerlanetan azaltzen ziren 540.000 pertsonen eta hezkuntzarekin harremana duten 162 aldagarri genetiko aztertu dira. Horrela, ikertzaileen esanetan, adibidez, ikasketa-aldia 3,6 urtetan luzatuko balitz, gaixotasun koronarioren bat izateko arriskua % 27an murriztuko litzateke. Azterlanak azpimarratzen duenez, ikasketa epe zabalagoa duten pertsonek erretzeko joera txikiagoa, gorputz-masaren indize txikiagoa eta kolesterol profil hobea izan ohi dute. Horiek guztiak, gaixotasun koronarioetan eragin zuzena duten faktoreak dira eta, ondorioz, nahiz eta beste hainbat faktore izan, gehiago ikasten duten pertsonek, printzipioz, arrisku gutxiago izango lukete. Ikertzaile taldeak onartzen duenez, gaixotasun koronarioetarako joera ulertu ahal izateko aipatu 162 aldagarri genetikoak ulertu beharko lirateke.

Adituek azaltzen dutenez, hezkuntza-maila altuagoa duten pertsonek, normalean, lanpostu hobeak lortzen dituzte eta horrek eragin zuzena du euren gaitasun ekonomikoan. Pertsona horiek, normalean, elikadura-joera hobeak izan ohi dituzte horretarako dirua dutelako eta, gainera, osasun zerbitzu hobeak ere izan ohi dituzte. Estatuaren kasuan, adibidez, per capita errenta baxuenak dituzten autonomia-erkidegoek (Kanariar Uharteak, Andaluzia edota Extremadura) dute kolesterol daturik okerrenak. Ostera, per capita errenta handiena dutenek (Madril, Euskadi eta Nafarroa) kolesterol datu onenak dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.