Eusko Jaurlaritzak alokairuaren % 50a ordainduko die gazteei

Euskal Herriko gazteriak bizitza proiektu autonomo bat bermeekin aurrera eramateko zailtasun handiak ditu. Horretarako, beste zenbait gauzen artean, etxebizitza bat behar da, baina gure kasuan, gazte batek nekez aurki dezake bere poltsikora egokituko den aukeraren bat. Kasu horretan, alokairuaz ari gara; etxebizitza erostea utopia hutsa da Euskal Herriko gazte gehienentzat.

Idealista atariaren arabera, pasa den urteko ekaina eta aurtengo ekaina bitartean, alokairuzko etxebizitzaren prezioa hazi da Euskal Autonomia Erkidegoan (% 11,5) eta Nafarroako Foru Erkidegoan (% 12,3). Donostia da alokairu garestienak dituen hiriburua; batez beste, 15,2 euro ordaindu behar dira metro koadroko. Gipuzkoako hiriburuaren ondoren Bilbo aurkitzen da (11,8 euro/m2) eta jarraian Gasteiz (9,2 euro/m2) eta Iruñea (8,4 euro/m2) aurkituko lirateke. 60 metro koadroko etxebizitza bat eredutzat hartuko bagenu, alokairuen prezioa 912€, 708€, 552€ edo 504€ eurokoa izango litzateke, hurrenez hurren.

Gazteen emantzipazioa errazteko edo, gutxienez, jasangarriagoa egiteko, Eusko Jaurlaritzak 2018-2020 Etxebizitzaren Plan Zuzendaria diseinatu du eta, bertan, 23 eta 35 urte bitarteko gazteentzako laguntzak aurreikusten dira. Gehienez hiru urtez luza daitezkeen laguntza horiekin gazteei alokairuaren erdia ordaintzen lagunduko zaie.

Aipatu plangintza aurtengo udaberrian aurkeztu zuen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak eta 1.119 milioi euroko aurrekontua izango du datozen hiru urtetarako.

Plangintzaren xede nagusia etxebizitzaren funtzio soziala eta hiritarrok etxebizitzarako dugun eskubide subjektiboa bermatzea da. Horretarako, nagusiki, alokairua, birgaikuntza, hiri-berroneratzea eta hutsik dauden etxebizitzen erabilera sustatuko da.

Era berean, plangintzak gizarte-kohesioa eta etxebizitza-politiken eta gainerako gizarte-politiken arteko lotura handiagoa sustatzeko neurriak planteatzen ditu. Horrez gain, arreta berezia eman nahi zaio gazteen beharrei beren emantzipazio-prozesuan. Plangintzak ez du soilik gazteriaz arduratzen; bere xedeen artean, eraikinen irisgarritasunaren eta eraginkortasun energetikoaren bidez, adinekoen bizi-kalitatea hobetzea ere aurreikusten da. Indarraldiko hiru urtean aurreikusitako konpromiso horiek guztiak aurrera eramateko, esan bezala, Etxebizitzaren Plan Zuzendariak 1.119 milioi euroko aurrekontu bateratua izango du.

Planak jomuga duen lehentasunezko kolektiboa da gazteria da. Horretarako, besteak beste, honako neurri hauek hartzea aurreikusten da: zuzkidura-bizitokiak sustatzea, Gaztelagun programa berria abian jartzea, gazteen emantzipazioa bultzatzeko, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzen bitartez.

Gaztelagun gazteen alokairu-programa

Datorren urtearekin batera “Gaztelagun” programa jarriko da martxan. Alokabidek kudeatuko duen programa hori gazteei zuzenduta dago eta gazteen artean alokairua sustatzea du helburu. Gainera, programak jasotzen duenez, gazteez ez dute zertan kontratuaren titular izan behar eta, beraz, pisua partekatzea baimenduko da.

Programaren xede nagusia egun gazteek bizitza-proiektu autonomo bat eraikitzeko dituzten zailtasunei aurre egitea da, “Lehenik eta behin, baliabide nahikorik ez dutelako; izan ere, ez dute errenta metaturik, eta, lana dutenean, hura ezegonkorra delako edo ordainsaria nahikoa ez delako. Gainera, enplegua daukaten kasuetan, gizarte-alokairurako aukeratik kanpo gera daitezke, diru-sarreren maila gainditzen dutelako edo familia-kargarik ez dutelako” azaldu du Arriola sailburuak.

Programa ohiko etxebizitzatzat alokatutako pisu bat duten 23 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie nahiz eta alokairu kontratuaren titularrak ez ezin. Modu horretan, atea zabaltzen zaie pisua partekatzen duten gazteei ere. Aldi berean, diru-sarrera erregularra izatea eskatzen da.

Eskatzaileen diru-sarrerak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) kobratzeko muga gainditu beharko du (7.734 euro aurten), baina ezin izango du 12.000 euroko langa gainditu eskatzaile bakarraren kasuan, 15.000 eurokoa bi eskatzaileren kasuan edo 18.000 eurokoa hiru badira eskatzaileak. Kategoria bereziko familia ugarien kasuan edo desgaitasun maila altuak dituzten pertsonen kasuan, diru-ataria 20.000 eta 22.000 eurokoa izango da, hurrenez hurren.

Laguntza eskatzen duten gazteek lanean aritu ahal izango dute, baina trebakuntzan diren ikertzaileak edo bekaren bat jasotzen ari diren gazteak ere izan daitezke, betiere, sei hilabeteko lan-bizitza gertatu-berria badute edo, gutxienez, sei hilabetez diru-sarrera egonkorra izango dutela aurreikusita badute.

Alokairu-kontratuaren helburu den etxebizitzaren errentak ezingo ditu hilean 600 euro gainditu, oro har, eta 750 euro Euskadiko hiru hiriburuen eta beren arlo funtzionalen kasuan.
Laguntza onuradunak bere ohiko eta etengabeko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindu beharreko hileko errentaren % 50 artekoa izango da. Etxebizitza formalki eratutako bi bizikidetza-unitatek partekatzen dutenean, laguntza alokairuaren % 60 artekoa izango da.

Emantzipaziorako laguntza denez, bizitza autonomorako proiektuaren hasieran, gazteentzako alokairurako laguntza gehienez hiru urteko epez emango da. Laguntza Alokabidek kudeatuko du.