Zergatik izan boluntario?

Ezjakintasun edo informazio faltagatik aurreiritzi asko sor daitezke. Eta boluntariotzarekin ez da salbuespena. Askotan uste dugu ez dugula gaitasun edo formakuntza nahikorik besteei laguntzeko; batzuetan banaka gure gizarte globalizatu honetan aldaketak egitea zaila dela botatzen dugu; besteetan gutxi irabazten dela pentsatzen dugu –eta ez, ez da horrela–; sarritan denbora falta argudiatzen dugu egitasmoren batean ez murgiltzeko. Bakoitzaren errealitatea onartuta, boluntariotza bakoitzak nahi eta ahal duenean egiten dela ahaztu gabe eta norberak bere inplikazio-maila erabakitzen duela argi izanda, esandakoetatik asko argitu edo ñabartu nahiko nituzke.

Horregatik, 2016an Bizkaiko Foru Aldundiarekin indarrak batuz #IzanZuAldaketa kanpaina sortu genuen, Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko gazteon artean ideia ahalik eta gehien zabaltzeko. Eraldaketa zure (eta gure) esku dagoela, hain zuzen ere. Bakoitzak ahal duen neurritik, txikitik eragiten. Borondatea besterik ez da behar.

Batetik, ez da beharrezkoa aditua izatea boluntario lana egiteko. Beti dago non lagundu eta, gainera, gaur egungo gizartean bakoitzak duen egoerara, errealitate eta interesetara egokitutako egitasmo eta elkarteak daude. Bestetik, egia da ekonomikoki irabaziak bilatzen dituenaren lekua ez dela boluntariotza, baina ezer irabazten dela esatea gezurra esatea litzateke: lagun mordoa egiten da, laguntzeak eramaten duen asetze eta gogobetetzea zurekin doa, egindako lanak ekarritako mesedea lehen eskutik ikus daiteke, gero bizitzako beste hainbat esparrutan oso baliagarria den esperientzia mordoa lortzen da eta segurtasuna irabazten da –bai zure buruarengan bai egiten duzunarengan–.

Era berean, denbora aipatzen denean kontuan izan behar da #IzanZuAldaketa kanpainak zioen bezala bakoitzak egin dezakeen gutxi hori asko delako eta egoera aldatzeko balio duelako, boluntario-lana eginda asko irabazten delako (lagunak, gaitasun sozialak, esperientzia edo segurtasuna), eta, batez ere, bakoitzaren errealitatera egokitutako proiektuak daudelako. Egun puntualetan, aste bukaeretan, oporraldietan, udaran ala egunerokoan. Bakoitzaren egoera pertsonal eta inguruabarrak aintzat hartuta, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan lagunduz. Horixe da boluntario bezala ibili den edonork esango lizukeena eta, nire ustetan, balioan jarri behar dena. Ez egiten duenak nahi duelako —pausua ematen duenak ez du etorriko diren txalo edo dominengatik egiten—, gizarte bezala horrelako lanek aitorpena merezi dutelako baizik. Esan bezala, ez egun puntualetako aintzatespen edo esker onarekin, baizik eta boluntarioek egiten duten lanari ikusgarritasuna emanez eta benetako aitorpen bat eginez.

Abenduaren 5ean Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da eta ohikoa da aurreko egunetan gaiak oihartzun handia lortzea: traolak sareetan; albiste elkarrizketa edo erreportajeak hedabideetan; aitortza ekitaldiak administrazioetatik, etab. Argi gera dadila, hori oso beharrezkoa da. Baina hobe litzateke horixe berbera egitea gure egunerokoan. Egindako lana balorean jartzea, erakunde eta boluntario gazteek urtean zehar duten konpromisoaz kontziente izatea, gure auzo eta herrietan buru-belarri lanean ari direnen jarduna gizarteratzea.

Aipatutako aurreiritzi eta ezjakintasun horrekin amaitzeko modurik onena boluntariotza esperientziaren bat lehen eskutik ezagutzea da. Bakoitzak nahi duen arlo edo gaian. Gainera, aurrez esan bezala, norberaren egoera, errealitate eta interesetara egokitutako proiektuak daude gaur egun. Nahi izanez gero, bihar Bilboko Bolunta eraikineko Ekitaldi Aretoan gazte boluntarioen topaketa bat duzu. Zehazki, boluntario eta boluntario ohien esperientzia eta testigantzak batu nahi ditugu boluntariotzaren iragana, orainaldia eta etorkizuna aztertzeko. Gure helburua, egindako lana balioesteaz gain, gazte gehiago boluntariotzara animatzea eta boluntariotzaren erronka berriak identifikatzea izango da.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.