Gehien xahutzen diren elikagaiak frutak, barazkiak eta sustrai eta tuberkuluak dira. Euskadin urtero zaborrera botatzen dugun elikagai kopurua 350.000 tonatik gorakoa da, hau da, 159 kilo pertsonako eta urteko. Dirutan, familia bakoitzak mila eurotik gora xahutzen du.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, urtero munduan giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat inguru (urtean 1.300 milioi tona gutxi gora behera) galdu egiten da (bota egiten da) edo alferrik galtzen da. Adituen ustez, 2030. urteari begira, erritmo horretan jarraitzen badugu, 2,1 milioi tona inguru alferrik galduko dira. Janari gehien xahutzen dituzten herrialdeak herri industrializatuak eta garapen bidean diren herrialdeak dira. Herrialde txiroenetan, berriz, jendea gosez hiltzen da. Estatuan, adibidez, pasa den urtean jasotako datuen arabera, 1.339 tona janari xahutu ziren, aurreko urtean baino % 8,9 gehiago. 

Kontsumobidek emandako datuen arabera, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, urtero, 350.000 tona inguru xahutzen dira. Pasa den urtean, kopuru hori murrizteko Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma eratu zen. Aipatu plataformaren xedea da 2030. urterako kopuru hori erdira murriztea.

Etxeetan xahutzen dira elikagai gehienak

Nazioarte mailan erabiltzen diren txosten gehienen arabera, janari kopuru handienak etxeetan xahutzen dira. Datu horiek aintzat hartzen badira, urtero alferrik galtzen den janariaren % 42 etxeetan xahutuko litzateke. Ekoizpen prozesuetan, berriz, % 39 inguru galduko litzateke, jatetxeetan % 14 eta banaketan % 5. Datuek azaltzen dutenez, kontsumitzaileok badugu zer egin arazo horren konponketan. Baina zer?

• Zentzuz erosi: hiru pertsonatik bat erosketak egitera joaten da zerrendarik gabe. Planifikatu otorduak, egin erosketaren zerrenda eta saihestu erosketa oldarkorrak. Horrela, txikiagoa izango da behar ez dituzun gauzak erosteko aukera  eta ziurrenik kontsumituko ez dituzunak. Izan zaitez errealista! Pertsona bakar batentzat kozinatuko duzula baldin badakizu, ez duzu lauko familia batentzat adina elikagai erosi behar. Egiaztatu sukaldeko armairuetan edo hozkailuan zer duzun erosketak egitera joan aurretik.

• Izan ausarta eta erosi ‘kalitate’ estandarrak betetzen ez dituzten fruta eta barazkiak. Sarritan, frutak eta barazkiak bota egiten dira, haien tamaina, forma edo kolorea ez datozelako bat estandar estetikoekin, nahiz eta, oro har, kontsumorako guztiz egokiak izan, eta horiek erostea lagungarria izan daiteke fruta eta barazki kopuru handiak zaborretan amaitzea saihesteko.

• Elikagaiak behar bezala gorde eta kontserbatu behar dituzu. Horretarako, ezinbestekoa izango da hozkailua garbi eta osasuntsu mantentzea. Elikagaiak 1 ºC eta 5 ºC artean kontserbatu behar dira ahalik eta freskotasun eta iraupen handiena bermatzeko.

• Sartzen den lehena, lehena aterako da (first in-first out). Erosketa (edo ekoizpen) ordena errespetatu. Zure otorduak planifikatzean, saiatu aurretik erosi dituzun produktuak erabiltzen, eta hozkailuan edo despentsan antolatzen dituzunean, jarri zaharrenak aurrean eta erosi berriak atzean.

• Etiketan azaltzen den informazioa ulertzen ikasi behar duzu. Bereziki, “iraungitze-dataren” eta “ahal dela, data hau baino lehen kontsumitzearen” arteko aldea ulertu behar duzu. “Iraungitze-datak” adierazten du noiz arte den segurua etiketatutako elikagaia jatea; aldiz, “Lehentasunez data hau baino lehen kontsumitzeak” adierazten du data hori baino lehen elikagaiak espero den kalitatea duela, baina oraindik ere segurua dela kontsumitzea. Elikagaietan aurki daitezkeen beste etiketa batzuek “salmenta data hau baino lehen” adierazten dute, hau da, fabrikatzaileek eta saltzaileek ‘stockak’ txandakatzeko erabiltzen duten data.

• Aprobetxatu sobera duzun janaria; ez xahutu janaririk gehiegi prestatu duzulako. Janariak prestatzeko soberakinak erabiltzea erositako guztia kontsumitzeko modu adimentsua da. Soberakinak zakarrontzira bota beharrean, zergatik ez erabili hurrengo egunerako bazkarirako osagai gisa? Adibidez, bazkariko dilistak hurrengo eguneko afarirako pure gozo bihur daitezke. Gogoratu beti soberakinak behar bezala gorde eta erabili behar dituzula, eta berotu beti, elikadura-intoxikazioak saihesteko. Otorduak planifikatzea ere baliagarria izan daiteke.

• Bihurtu hondarrak ongarri zure landareentzat. Elikagaiak alferrik galtzea beti saihestu ezin denez, zergatik ez sortu fruta eta barazkien azaletarako konpost kubo bat? Hilabete gutxiren buruan konpost aberats eta baliotsu bat izango duzu zure landareentzat. Janaria prestatu baduzu eta elikagaiak alferrik galdu badituzu, etxeko edo komunitateko konpostaje-ontzi batek espero diren emaitzak emango ditu. Nahikoa da hondakinekin elikatzea (arraina eta haragia ere bota ditzakete), mikrobio-geruza berezi bat zabaltzea eta hartzitzen uztea. Emaitza etxeko landareetarako edo lorategirako erabil daiteke.

Klima-aldaketa

Janaria xahutzeak oso koste ekonomiko altua du, ez bakarrik xahutzen den janariaren balioarengatik (1.000 milioi dolar inguru urtero). Janaria alferrik galtzeak oso ondorio negatiboa du gure planetan, kliman, uraren kalitatean eta biodibertsitatean eragiten duelako. Izan ere, elikagaiak alferrik galtzeak janari tonak xahutzeaz gain, gizateriak elikatu ahal izateko behar dituen baliabide naturalak xahutzea ere suposatzen du. Elikadura helburuetarako erabiltzen diren lurrek jasaten dituzte gehiegizko ustiapenaren ondorioak, eta horrek ere eragin kaltegarriak ditu espezie naturalen bioaniztasunean. Zenbait txostenen arabera, Txinak baino azalera handiagoa duen lurralde eremu bat erabiltzen dugu inoiz kontsumituko ez diren elikagaiak ekoizteko. Era berean, munduan den ur edangarriaren laurden bat inoiz kontsumituko ez diren elikagaiak ureztatzeko erabiltzen da.

Jokabide arduragabe horrek, gainera, planetaren atmosferara berotegi-efektuko 3.300 milioi tona gas isurtzen laguntzen du, hots, emisio guztien
% 8-10 inguru.

Adituak arazo horrek klima-aldaketan duen eraginaren berri dute eta, adibidez, gai hori izan da izango da Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Adituen Taldeak (IPCC, ingelesez) bere azken bileran jorratu duen gai nagusietako bat.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.