Zer pasatu zen Big Bang baino lehen?

Unibertsoa Big Bang delakoarekin hasi zen. Baina zer gertatu zen eztanda erraldoi hori baino lehen? Asko dira galdera hori erantzuten saiatu diren zientzialariak, baina arrakastarik gabe. Orain, ostera, badirudi behin betiko erantzunetik gertu gaudela. 

MITeko zientzialari talde batek azaldu duenez, Big Bang aurretik inflazio garai bat izan zen eta unibertsoa puntu bat izatetik 1027 aldiz azalera handiagoa izatera pasatu zen. Inflazio hori segundo bat baino gutxiagoko tartean eman zen eta ondoren, inflazio motelago baten ostean, Big Bang izenarekin ezagutzen dugun eztanda eman zen. Zientzialariek zaila izan dute bi inflazio une horien artean jazotakoa azaltzea, baina hori argitzeko, ikertzaileek inflazio kosmikoaren eta Big Bangen artean egon zen trantsizio garai kritiko hori simulatzea erabaki dute.

MITeko zientzialariek azaldu dutenez, aipatu lehen inflazio aldi labur horretan ondoren izango zen eztandarako baldintzak ezarri ziren. Epe horretan (segundo bat baino laburragoa), zegoen guztia oso modu azkarrean hedatu zen. Une horretan, unibertsoa oso leku hotza eta hutsa bilakatu zen eta bertan ez ziren Big Bangerako beharrezkoak liratekeen baldintzak ematen.  Hala ere, une batean, zabalkunde hori posible egin zuen energiak behera egin zuen partikulen sorrera ahalbidetuz. Partikula horiek sortu zirenean haien artean talka egiten hasi ziren, Unibertsoa berotuz eta Big Bangerako baldintzak sortuz.

MITek zientzialariek egindako simulazioan, ‘inflatoiak’ izeneko partikulen portaera aztertu zuten. Ikertzaileen ustez, Higgsen bosoiaren antzekoak diren partikula hipotetiko horiek (orain arte ezin izan dituzte laborategian aurkitu),  inflazioa bultzatu zuen energia eremua sortu zuten. Ereduak erakusten duenez, baldintza egokiak emanez gero, inflatoien energia birbanatu egin daiteke eta unibertsoa berotzeko eta Big Bang-ari hasiera emateko beharrezkoa den partikulen aniztasuna sor liteke.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.