Mugikorraren mende

Euskadiko gazteen erdiak esnatzerakoan edo oheratu baino lehen egiten duen lehenengo gauza sare sozialetara konektatzea da. Gazteen % 74,1 egunero konektatzen da Instagramera eta % 73,7 YouTubera. Internetera eta sare sozialetara konektatzen direnean gazteek nagusiki honako jarduera hauek egiten dituzte: musika entzun, eta bideoak edo tutorialak ikusi. Datu horiek guztiak Gazteen Euskal Behatokiak jaso ditu ‘Euskadiko gazteak eta sare sozialak’ izeneko txostenean. Datuok 15 eta 29 urte bitarteko 1.512 gazteri egindako elkarrizketetan oinarritzen dira.

Aipatu txostenean azpimarratzen denez, “sare sozialak gazteriaren egunerokotasunaren parte dira”. Gazteen ia erdiak (% 49) onartzen du goizetan esnatu eta egiten duen lehenengo gauza dela “WhatsApp edo bestelako sare sozialen bat ikustea”. Era berean, bost gaztetik batek (% 20,1) onartzen du sarritan “oso berandura arte geratzen dela WhatsApp mezuak bidaltzen edo sare sozialetara konektatuta”. 

Instagram da Euskadiko gazteen sare sozialik gogokoena, Youtuberekin batera: % 74,1 Instagramera konektatzen da egunero, eta % 73,7, Youtubera.

Sare sozial erabilienak

Gazteek gehien erabiltzen dituzten sare sozialak, zenbatero konektatzen diren alde batera utzita,  YouTube (% 99,2 sartzen da noizbait) eta WhatsApp, Telegram edo Line bezalako berehalako mezularitza zerbitzuak dira (% 99,1ek erabiltzen ditu). Instagram (% 81,1) eta Facebook (% 58,8) ere gogoko dituzten sareak dira. Badira gutxiago erabiltzen dituzten beste zenbait sare sozial ere; adibidez, badira Linkedin, Infojobs, Indeed edo enplegua aurkitzea errazten duten enpresa eta profesionalentzako bestelako sare sozialetara konektatzen direnak (% 41,4), Twitterera konektatzen direnak (% 37,7) edo Snapchatera konektatzen direnak (% 19,5).

Tinder, Meetic, Badoo edo harremanetarako bestelako sare sozialak erabiltzen dituztenak % 5 besterik ez omen dira. Eta hortik behera, honako hauek aipa daitezke: Tumblr (% 4,7), TikTok (% 4,2) edo Pinterest (%2,3).

Sare sozialetan direnean gehien erabiltzen duten hizkuntzaren inguruan galdetzen zaienean, euskal gazte gehienek, nagusiki, gaztelania erabiltzen dutela erantzuten dute. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 81,5ak sare sozialetan erabiltzen duen hizkuntza nagusia gaztelania dela zehazten du. Euskara gehien erabiltzen dituztenak % 15 inguru lirateke eta bakar batzuek (% 3,3) ingelesa ere erabiltzen dutela diote.

Gazte guztiak konektatzen dira egunero WhatAppera

Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari Agurtzane Llanok azaldu duenez, “WhatsApp aintzat hartuko ez bagenu, Euskadiko gazte ia-ia guztiak egunero konektatzen baitira hartara, Instagram litzateke Euskadiko gazteen sare sozialik gogokoena. Bera da egunero erabiliena, Youtuberekin batera (% 74,1 Instagramera konektatzen da egunero, eta % 73,7 Youtubera); eta, horrez gain, sare sozial bakar batera konektatu ahal izanez gero, Instagram da gazte gehienek (% 52,1ek) hautatuko luketena.

Gazteen ia heren bat (% 32,8) egunero edo ia egunero konektatzen da Facebookera. Gainera, % 13,2 gutxienez astean behin konektatzen da sare sozial horretara eta % 12,5 maiztasun txikiagoarekin. Egunero Twitterera jotzen duten gazteen kopurua % 17,7koa da. % 8,8 gutxienez astean behin konektatzen da eta % 11,3 maiztasun txikiagoarekin. Gutxi dira (% 8,6) enplegua bilatzeko sare sozialak (Linkedin, Infojobs, Indeed eta bestelakoak) egunero bisitatzen dituztenak. Kasu gehienetan, gazteek sare horietara jotzen dute curriculumeko datuak eguneratzeko; horrenbestez, gehiago dira astean behin baino gutxiagotan konektatzen direnak (% 20,8) astero konektatzen direnak baino (% 12,0).

Adinaren araberako erabilera aztertzen bada (eta berriz ere WhatsApp alde batera utzita), 15 eta 19 urte bitarteko neskek batez ere Instagram erabiltzen dutela azpimarratu behar da. Adinak gora joan ahala sare horren erabilerak behera egiten du. 25 urtetik beherakoen artean, gehien erabiltzen den sarea YouTube da. Facebooken erabilerak, ostera, adinarekin batera gora egiten du eta gauza bera gertatzen da Linkedin eta enplegua bilatzeko bestelako sareekin. Twitteren kasuan, sare hori gehien erabiltzen dituztenak 20-24 urte bitarteko gazteak dira.

Musika eta bideoak

Txostenak agerian uzten duenez, euskal gazteek denbora dezente ematen dute konektatuta. Baina zer egiten dute konektatuta daudenean? Jasotako datuen arabera, gazteek gogokoen dituzten jarduerak musika entzutea eta bideoak ikustea da. Gazte asko egunero aritzen dira jarduera bietan:% 86,3k entzuten du musika, eta % 56,4k ikusten du bideoren bat. 

Badira gazteek sarean egiten dituzten beste jarduera mota batzuk, baina erdia baino gutxiago dira horietan egunero: serieak edo pelikulak ikusi, prentsa irakurri, edozein motatako edukiak (argazkiak, bideoak, testuak…) argitaratu, produktu edo zerbitzuak erosi edo saldu… Hamar gaztetik batek (% 9,4k) dio izan duela edo gaur egun baduela blog pertsonalen bat, baina askoz ere gehiago dira (% 52,4) youtuber, gamer edo influencerren bati jarraitzen diotenak, batez ere 15 eta 19 urte bitartekoen artean, non hirutik bi jarraitzaile diren. 

Azkenik, Euskadiko gazteen % 28,8k azken urtean ziberaktibismo jardueraren bat abiarazi edo sustatu duela dio, hots, Interneten edo sare sozialetan eztabaida edo salaketa sozialen bat zabaldu duela, hain zuzen ere. 

Pribatutasuna eta ziber-jazarpena

Pribatutasunaren inguruan galdetzen zaienean, gazte gehienek (% 87,6k) diote pribatutasuna bermatzeko neurriak hartzen dituztela, bereziki, soilik pertsona jakin batzuek beren edukiak ikusteko aukera izan dezaten. Hala ere, gazteen % 14,1ek dio besteren bati eman izan diola inoiz bere pasahitza sare

sozialen batean sartzeko. Gainera, gazteen % 26,6k ezagutzen ez dituen pertsonen adiskide izateko eskaerak onartzen ditu eta
% 23k, berriz, ez die inoiz argazki edo bideoak argitaratu aurretik berorietan agertzen direnei baimena eskatzen. 

Sare sozialek ere egoera desatseginak jasateko arriskua eragiten dute, batez ere, kontuen pribatutasuna bermatzeko neurriak hartzen ez badira. Horrela, gazteen % 8,7k dio, gutxienez behin, ordeztu izan dutela bere nortasuna sare sozialetan eta % 7,2 azaltzen duenez, gutxienez behin norbaitek zabaldu izan du sare sozialetan, bere baimenik gabe, bera agertzen den argazki edo bideo konprometitu, iraingarri edo lotsagarriren bat.

Gainera, gazteen % 17,9k dio noizbait etengabe mezuak bidaltzen zizkion norbaitengatik jazarria sentitu dela. Hori dela eta, gazteen erdiak baino gehiagok (% 52,4) hartu izan du sare sozialetatik ateratzeko edo norbait blokeatzeko erabakia mezu desatseginik ez jasotzeko edo jazarpena ekiditeko. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.