© Shutterstock.com

Groenlandiako marrazoak (Somniosus microcephalus) 5 metroko luzera izan dezaketen animalia izugarriak dira. Bere habitata Ipar Atlantikoko ur sakon eta hotzak dira; bertan, astiro igeri egiten dute. Bizimodu baratz horrekin eta hazkunde motel batekin, marrazo horiek urte asko bizi zirela uste zen, baina haien adina zehaztasunez zehaztea zaila zen.

Azken finean, nola kalkula daiteke arrain baten adina? Arrain batzuen kasuan, zientzialariek otolitoak aztertzen dituzte. Otolitoak arrainen belarriko hezurrak dira eta horiei mozketa bat egiten bazaie eraztun zentrokideen patroia erakusten dute, zuhaitz baten eraztun gisa konta daitezkeenak. Hala ere, Groenlandiako marrazoak, beste marrazo batzuek ez bezala (Marrazo Txuri Handia, esaterako), ez du hazkunde-geruzak metatzen diren zati gogorrik; ondorioz, haien adina ezin zela ikertu uste zen.

Horrelako erronka baten aurrean, sormena erabili behar eta Kopenhageko Unibertsitateko ikerketa-talde batek, Julius Nielsen itsas biologoak zuzendua, erradiokarbono bidezko datazioa erabili du Groenlandiako 28 marrazoren adina zehazteko. Horietako gehienak bigarren mailako harrapaketa gisa arrantza-sareetan harrapatuta hildakoak ziren.

Teknika hori erabiliz, marrazo handiena, bost metroko emea, oso zaharra zela zehaztu zuten. Erradiokarbonoaren datazioak data zehatzik eskaintzen ez duenez gero, zientzialari daniarrek uste dute ale hori 272 edo 512 urte bitartekoa izan daitekeela. Baina litekeena da tarteko adina izatea, 400 bat urte, hain zuzen ere. Horrek esan nahi du marrazo hori 1501 eta 1744 urteen artean jaio zela, nahiz eta seguruenik XVII. mendean jaio zen.

Ikerketa horrek hankaz gora jarri du animalia ornodun zaharrenaren sailkapena. Izan ere, orain arte uste zen animaliarik zaharrena, 211 urterekin, Groenlandiako balea zela.

Animalia ornogabeei dagokienez, Ming izeneko txirla da ezagutzen den animaliarik zaharrena. 500 urte baino gehiago ditu.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.