Zergatik da hain zaila sexuaz hitz egitea?

Woody Allenek behin honako hau esan omen zuen: “bizitzan badira oso garrantzitsuak diren bi kontu; bata sexua da eta bestea ez dut gogoratzen”. Sexua alderdi garrantzitsua da gure bizitzan. Etengabe gogoratzen gaituzten elementuez inguratuta gaude baina, espero zitekeenaren kontra, sexuaz hitz egitea oso zaila egiten zaie pertsona gehienei. Zergatik?

Baliteke zure kasua ez izatea, baina, oro har, onartu egin behar dugu gure bikotekide, lagun edo senideekin gai horri buruz hitz egiteak oso deseroso sentiaraz gaitzakeela. Arazo horren adibiderik argiena familien barruan dago, guraso gehienei oso zaila egiten baitzaie seme-alabekin gai horren inguruan hitz egitea. Platanomelon enpresak aurten bertan egin duen azterlan baten arabera, gurasoen % 53 ez dago eroso semearekin sexuaz hitz egiten.

Ekintza sexuala nola garatu ‘behar’ den adierazten diguten gidoi kulturalak jarraitzeko joera dugu.

Hainbat ikerketak erakutsi dutenez, beste pertsona batzuekin sexuaz lehen pertsonan hitz egitea erronka izan daiteke. Izan ere, horrek zure buruaren alderdi oso pribatuak partekatzea eskatzen du, deseroso gerta daitezkeenak. Horrelako gaiak jorratzeak, gainera, lotsa edo ahalkea bezalako emozio mingarriak ere eragin ditzake, bereziki, horien gaineko esperientzia, informazio edo ezagutza nahikorik ez bada.

Bikoteen kasuan, gai honi buruzko komunikazio ezak hainbat arazo sor ditzake. Gure zaletasun edo lehentasunen berri eman eta gure bikotekidearen zaletasunen berri izan beharrean, ekintza sexuala nola garatu ‘behar’ den adierazten diguten gidoi kulturalak jarraitzeko joera dugu. Errutinatik atseden hartzeko beharra izan arren, geure fantasiak geuretzat gordetzen jarraitzen dugu. Ondorioz, ez da harritzekoa gure sexu-bizitza monotonoa bihurtzea, hainbat urtez elkarrekin egon ondoren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.