Teknologia berriak aspaldi bilakatu ziren gure gizartearen ardatz. Esparru digitala oso abiadura handian aldatzen ari da eta adimen artifizialaren alorrean ematen den aurrerapauso bakoitzak dinamika hori azkartzen du. Dinamika horrek eragin zuzena du ia esparru guztietan eta horietako bat, hizkuntza teknologien ikerketa da.
Erronka horri aurre egin ahal izateko UPV/EHUko IXA eta Aholab taldeek bat egin eta HiTZ ikerketa-zentroa eratu da. IXA Taldeak 30 urte baino gehiago eman ditu idatzizko edukien tratamenduan eta Aholab taldeak, berriz, 22 urte ahozko edukien tratamenduan. Bi taldeen arteko lankidetza ohikoa bilakatu da eta, gaur egun, adibidez, 36 ikerketa-egitasmotan ari dira elkarlanean.
Euskara ere zentro berriaren ardatzetako bat izango da. Izan ere, mundu digitalean euskararen presentzia bermatzea izango da zentro berriaren helburuetako bat
Zentro berriaren xedea da hizkuntzaren teknologietan eta euskararen tratamendu konputazionalean erreferente bilakatzea. Horretarako, nagusiki, hiru esparru jorratuko dira: formakuntza (Erasmus Mundus labeldun nazioarteko master baten eta doktorego-programa baten bidez); ikerketa; eta, teknologiaren transferentzia (enpresei ideia berritzaileen inguruan aholkularitza emanez).
Zentro berriko zuzendaria Eneko Agirre izango da eta, bertan, hainbat diziplinetako 60 langile inguru arituko dira (informatikariak, hizkuntzalariak, ingeniariak, itzultzaileak, soziologoak…) Zentroaren egoitza UPV/EHUko Informatika Fakultatean izango da.
Euskara ere zentro berriaren ardatzetako bat izango da. Izan ere, mundu digitalean euskararen presentzia bermatzea izango da zentro berriaren helburuetako bat. Lan horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin arituko da elkarlanean oinarrizko baliabideak eta tresnak sortzen eta mantentzen.