Zinema erakustaldi batek Gipuzkoako herritarrak hurbileneko naturara hurbilduko ditu

Apirilaren 13tik 23ra bitartean,  Gipuzkoako zortzi udalerrik parte hartuko dute Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko I. Zinema Erakustaldian (Gnat Zinema). Erakustaldiaren horren xedea da herritarren artean gertuen dagoen naturaren berri ematea, gizakiok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz. Aldi berean, Gnat Zinemak, hainbat ikuspuntutatik, gizarte ezberdinek naturarekin erlazionatzeko dituzten moduak erakutsi nahi ditu: natura gizateriaren kulturan, gure aztarna naturan, pertsonen eta animalien arteko harremana, haurrak eta natura…

Gnat Zinemarekin bat egin duten gipuzkoar udalerriak honako hauek dira: Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Oñati, Tolosa eta Zumaia. Guztira, naturarekin harremana duten hamar film ikusi ahal izango dira: “Dehesa” (Joaquín Gutierrez Acha), “Mountain” (Jennifer Peedom), “Artifishal” (Josh Murphy), “Project Wild Thing” (David Bond), “Los Plástico” (Angel Marín eta Patricio Mekis), “Out Of Plastic” (Line Hadsbjerg), “Natura Bizia” (Leixeia Larrañaga eta Alexander Gutiérrez), “The Sacred Place Were Life Begins” (Kristin Gates eta Jeremy La Zelle), “Burbunak eta Etsayak” (Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre) eta “David Attenborough: Una Vida en Nuestro Planeta” (Alastair Fothergill, Jonathan Hughes eta Keith Scholey). Saio guztiak doakoak izango dira.

GnatZinema Gazteak 2021

GnatZinema 2021 Natura eta Ingurumenaren Zinema Erakustaldiaren barruan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako bideo-lehiaketa bat ere izango da. Kasu horretan, helburu nagusia da gazteen eta naturaren arteko lotura bat sortzea, gertuko naturarekin dugun harremanari buruzko bideo labur eta originalaren ekoizpena eta difusioa sustatuz.

Lehiaketa Gipuzkoan DBH egiten ari diren ikasleei zuzenduta dago. Parte-hartzea gelaka egingo da eta gaia librea izango da, baina bideoetan, pertsonok naturarekin dugun harremana islatu beharko da. Bideoak aurkezteko epea maiatzaren 7an amaituko da. Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko inprimakia esteka honetan lor daitezke: https://labur.eus/M6onW

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak antolatutako ekimena da Gnat Zinema, eta Gipuzkoa Naturaldiaren parte da, hau da, jende guztiarentzako ekitaldi- eta baliabide-programaren parte. Horren xedea da naturarekin, oro har, eta, bereziki, Gipuzkoako naturarekin den lotura bultzatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.