Itzuli beharrik gabeko 60.000 eurorainoko bekak atzerrian trebatzeko

Eusko Jaurlaritzak itzuli beharrik gabeko 60.000 eurorainoko laguntza emango die atzerrian prestatzeko eta nazioarteko merkataritzako profesional bihurtzeko aukera ematen duten BEINT bekak eskuratzen dituzten unibertsitario gazteei. Beka eskatzeko epea pasa den martxoaren 26an zabaldu zen eta apirilaren 26ra arte izango da zabalik. Gainera, aurtengo edizioan beka jaso ahal duten hautagaien kopurua 125era arte handitu da (aurreko edizioetan 100 ziren). Aurrekontua 5 milioi eurora ere igo da. BEINT programak 35 urte bete ditu eta, oraindik ere, talentu berriak nazioartekotzeko tresna horren enplegagarritasun-indizeak ia % 100koak dira.

BEINT programa aukera paregabea da goi-mailako unibertsitate-titulua duten 31 urtetik beherako gazteek nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan prestakuntza jaso dezaten. Plan zabalak unibertsitate-prestakuntza, nazioartekotzea sustatzeko erakundeetan 12 hilabeteko praktikak eta munduko hainbat herrialdetan kokatutako enpresetan 8 hilabeteko praktikak barne hartzen ditu. Helburua da nazioartekotzean aditu diren talentu berriak trebatzea euskal enpresa eta erakundeen beharretara erantzun ahal izateko.

Faseak

Basque Trade & Invesment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak urtero egiten den deialdiak bi urteko iraupena du eta hiru fase edo etapan banatzen da.

Lehenengo etapan, enpresak nazioarteratzeko ikastaroa egingo da, lau bat hilabetez (aurtengo iraila eta abendua bitartean). Aurrez aurreko formakuntza horretan, ikasleek nazioarteko merkataritzaren arauetan eta errealitatean, euskal ehun ekonomikoan eta enpresa multilokalizatuak kudeatzeko behar diren trebetasunetan sakonduko dute.

Lehen fase hori gainditzen duten hautagaiak, urtebeteko iraupena duen bigarren fasera pasatuko dira. Fase horretan, nazioartekotzea sustatzen duten erakundeetan formakuntza praktikoa egingo da. Praktika horiek Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren, atzerrian diren Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan edo nazioartekotzea sustatzen duten erakundeetan egingo dira. Modu horretan, gazteek beren ezagutzak zabaldu ahal izango dituzte munduko 40 herrialde ezberdin baino gehiagotan barreiatuta diren bulegoetan lan egiteko aukera izanik. Fase hori, datorren urteko urtarrila eta abendua bitartean luzatuko da.

BEINT beken azken fasea, hots, hirugarrena nazioartekotutako enpresetan, elkarteetan, klusterretan edo alde anitzeko beste erakunde batzuetan praktika profesionalak egitean datza. Etapa horretara iristen diren hautagaiek atzerriko merkataritzan dituzten trebetasunak eta ezagutzak hobetu ahal izango dituzte benetako enpresa-ingurune batean edo nazioarteko erakunde batean. Praktika horiek kanpoko lan-aukerak izateko aukera ere badira, aurreko edizioetan parte hartu zutenen erdiak inguru konpainia horietan lanean jarraitu baitute programa amaitzean. Hirugarren fasea 2023. urteko urtarrila eta abuztua bitartean egingo da. BEINT bekek 30.000 eta 60.000 euro arteko zuzkidura dute pertsona bakoitzeko, nazioarteko destinoaren bizi-mailaren arabera. Programak 35 urteko ibilbidea du, eta, denbora horretan, 1300 gazte baino gehiago trebatu dira nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan. Unibertsitateko gradu guztietara irekita badago ere, parte-hartzaileen titulaziorik ohikoenak Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ingeniaritzak eta Zuzenbidea dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.