Gasteizko Umbra Light Festivalak zuk distira egitea nahi du

Artium Museoa, Santa Maria katedrala, Andre Maria Zuriaren plaza, Florida parkea eta Arte Ederren Museoa izango dira, besteak beste, datorren azaroaren 12tik 14ra bitartean argiarekin eta artearekin jantziko diren gune eta eraikin enblematikoetako batzuk. Izan ere, Umbra Light Festivalaren bigarren edizioa Gasteizera itzuliko da estatuko eta nazioarteko artisten hamasei ikuskizunekin. Festibal horren ardatza argia da eta, zenbait kasutan baita musika ere.

Aurtengo edizioan parte hartuko duten artista guztien lanek Nazio Batuen 2030erako Garapen Iraunkorreko  Helburuak izango dituzte komunean. Edizio berriaren leloa “Zuk distira egitea nahi dugu” da eta COVID-19aren pandemiaren ondorioz zailtasunak izan dituzten horiek guztiak omendu nahi ditu. Azken finean, festibalak erronka hori gainditzeko egin den esfortzu kolektiboa eta indibiduala omendu nahi du.

Ibilbidearen diseinua, nagusiki, eremu zabal eta irekiek osatuko dute pertsonen kontzentrazioa saihesteko. Hala, leku itxiak salbuespen izanen dira edizio honetan, eta haien edukiera une oro kontrolatuta eta mugatuta egongo da, une horretan indarrean den osasun araudiaren arabera.

Programazioa

Argia Kultur Elkarteak hartu du beste behin festibalaren antolaketaren ardura. Carlos Torrijos bozeramaleak azaldu duenez, aurtengo edizioan festibalak argi-arteari buruzko erakusketa “ikusgarria” eskainiko du azaroaren 12, 13 eta 14ko 19:00etatik 23:00etara. Ikuskizunen inguruko xehetasunak azken momentura arte ez dira ezagutzera emango. Momentuz agertoki nagusien berri besterik ez da eman.

Esan bezala, Umbra Light Festival Argia Kultur Elkarteak antolatzen duen egitasmoa da eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Fundación Vitalaren babesa du. Egitasmoaren inguruko argibide guztiak esteka honetan ikus daitezke: www.umbrafestival.com.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.