Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko Gazteen Epaimahaian parte-hartzeko epea zabalik

Datorren urriaren 14an amaituko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko Gazteen Epaimahaian izena emateko epea. Gazteen epaimahaia 60 gazterekin osatuko da eta parte-hartzaileek Film Laburren sariaren eta 32. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Sariaren irabazleak  aukeratuko dituzte. Gazteen epaimahaian parte-hartu nahi izanez gero izena eman ahal duzu Donostia Gazteriaren webgunean.

Epaimahaiko kideak 18 eta 30 urte bitarteko gazteak izango dira eta eskaintzen diren plazak baino eskaera gehiago izango balira Donostian erroldatuta diren horiek lehentasuna izango dute. Epaimahaia osatzeko zozketa urriaren 19an egingo da eta aukeratuak diren horiek epaimahaian parte-hartuko dutela konfirmatu beharko dute urriaren 24 baino lehen. Horrela egingo ez balute, epaimahaitik kanpo geratuko lirateke eta itxaron-zerrendan diren horiei deituko zaie.

Epaimahaiaren lana

Behin betiko epaimahaia osatzen duten gazteek topaketa izango dute urriaren 29an Antzoki Zaharrean film labur guztiak ikusteko saio bakar batean. Horiek ikusi ostean beren epaia eman beharko dute Film Laburrik Onenaren Gazte Sariaren irabazlea erabakitzeko. Bi epaimahaikidek irabazleak ezagutzera emateko egingo den prentsaurrekoan parte hartuko dute.

Gainera, parte-hartzaileek Fantasiazko eta beldurrezko 32. Asteko hainbat saiotara joateko aukera izango dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.