Abian da literatur solasaldien denboraldia

Donostia Kulturako liburutegiek eta kultur etxeek literatur topaketen programazio zabala eskainiko dute

Irailaren 9an hasiko da Donostia Kulturak antolatzen duen helduentzako literatur solasaldien denboraldia. Saioak hilero izango dira hiriko hainbat liburutegi eta kultur etxeetan.

Adibidez, San Jeronimo kaleko Liburutegi Nagusiak hartuko dituen solasaldiak lau hizkuntzatan izango dira: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Euskarazko lehen saioa, Iñigo Aranbarrirekin, irailaren 10ean izango da eta  Montserrat Roigen Gerezi-denbora liburua izango du ardatz. Ylenia Benitok gidatuko du gaztelaniazko saioa irailaren 24an; egun horretan Juan Gabriel Vasquezen Volver la vista atrás lana aztertuko da. Ingelesezko solasaldia, Slawka Graboskaren eskutik, Mieko Kawakamiren Heaven lanan zentratuko da, eta frantsesezkoa, Miren Garmendiak dinamizatuko du Hervé Bazinen Vipère au poing liburuaren inguruko eztabaida urritik aurrera. Saio guztiak 19:00etan izango dira.

Auzoetan

Aieteko Kultur Etxeak zinema eta literatura uztartuko ditu Lola Arrietaren zuzendaritzapean. Lehenengo saioa urriaren 10ean izango da, 18:30ean, eta Rafael Chirbesen Crematorio lana aztertuko da. Casares-Tomasene kultur etxean (Altza), Ana Merinok zuzendutako solasaldia irailaren 18an hasiko da, 18:00etan.

Egian, irailaren 25ean, Edu Zabalak Xabier Mendigurenen Oso latza izan da lanaren inguruko saioa koordinatuko du. Liss Evermorek zientzia-fikziozko tertulia zuzenduko du urriaren 2tik aurrera Hao Jingfangen Saltonautas lanaren inguruko solasaldiarekin.

Ernest Lluch kultur etxeak (Amara) Javier Minaren gaztelaniazko solasaldiak hartuko ditu, urriaren 9an 18:30ean hasita, Paul Austerren La música del azar lanarekin. Ikasbide Kultur Elkartearen egoitzan, Edu Zabalak euskarazko saioak dinamizatuko ditu, irailaren 30ean hasita. Irakurketa errazeko taldeak ere egongo dira gaztelaniaz zein euskaraz, irailaren 26an eta urriaren 1ean, hurrenez hurren.

Etxarriene Auzo Etxean (Martutene), irailaren 23an, 18:30ean, Juan Luis Zabalak saio bat moderatuko du Karmele Jaio idazlearekin, bere Maitasun kapitala lanaren inguruan eztabaidatzeko. Intxaurrondok komiki solasaldien programarekin jarraituko du, urriaren 8an hasita Jordan Craneren No te vayas lanarekin, eta azaroaren 14an Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra liburuaren inguruan eztabaidatuko da.

Lugaritzek (Antigua) urrian ekingo dio denboraldiari. Aritz Gorrotxategik dinamizatuko du Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima lanari buruzko solasaldia. Okendon (Gros), Ane Mayozek euskarazko solasaldiak koordinatuko ditu urriaren 7tik aurrera, Birgit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko hitzaldiarekin hasita, eta Ana Merinok gidatutako gaztelaniazko kontakizun laburren inguruko solasaldiak irailaren 25ean hasiko dira.

Azkenik, Haur Liburutegi Nagusian (Fermin Calbeton kalea), bi talde egongo dira: bata helduentzat, haur literaturari buruz, Yolanda Arrietak gidatuta, irailaren 26an hasita; eta bestea 8 urtetik gorako haurrentzat, komikiari buruz, Mari Gartziak zuzenduta, irailaren 27an hasita. Bi taldeak euskaraz izango dira.