Donostiako San Telmo Museoak Agora K2050 hitzaldi-zikloaren saio berri bat hartuko du irailaren 12an, 19:00etan. Agora K2050 klima-aldaketari eta jasangarritasunari buruz herritarrek hausnartzeko gunea da eta aurtengo hitzaldietan Fernando Ferrando eta Cristina Monge parte hartuko dute. Fernando Ferrando ingeniari, ekonomialari eta Fundación Renovables-eko presidenteak Europak berrindustrializazio berdea lortzeko bidean dituen aurrerapenak eta erronkak aztertuko ditu. Cristina Monge analista politiko eta trantsizio ekologikorako gobernantzako ikertzaileak dinamizatuko du eztabaida.
Eredu energetikoa
Saioan Europako eredu energetikoaren eraldaketa aztertuko da ikuspegi zabal batetik, kontinenteko energia ekoizteko eta kontsumitzeko dinamikak eta prozesu horietan parte hartzen duten eragileak aztertuz. Europa jasangarritasunerako, autonomia estrategikorako eta lidergo globalerako aldaketa batean murgilduta dago politika berdeetan, eta erronka horrek egungo ekoizpen- eta kontsumo-moduei buruzko hausnarketa sakona eskatzen du.
Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udalak eta San Telmo Museoak antolatuta, Agora K2050 zikloak topagune ireki eta plurala sustatu nahi du, egungo testuinguruaren konplexutasunak eta ziurgabetasunak eta gizarte bidezkoago eta jasangarriago baten eraikuntzak planteatzen dituen erronkak eztabaidatzeko.
Hitzaldirako sarrera librea eta doakoa da, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, San Telmo Museoaren YouTube kanalaren bidez.