Gasteizko Gazte Informatzaileen Sarean parte hartzeko deialdia zabalik

Gasteizko Gazte Informazio Bulegoak bultzatutako programak 15 eta 25 urte bitarteko gazteak inplikatzen ditu gazteentzako informazio garrantzitsua erakartzen eta zabaltzen, ikastetxeen eta sare sozialen bidez

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Gazte Informatzaileen Sarean parte hartzeko epea ireki du. Ekimen hori Gazte Informaziorako Udal Bulegoak koordinatzen du, eta 15 eta 25 urte bitarteko ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzen du, gazteen intereseko informazioa erakarri, antolatu eta zabaltzeko. Programak aukera ematen die informatzaile gazteei lankideen eta Gasteizko gazteen artean zerbitzuei, baliabideei, prestakuntzari, bekei, enpleguari eta astialdiari buruzko datuak partekatzeko.

Ikasturtean zehar garatzen den ekimenak ekarpen ekonomikoa eskaintzen die parte-hartzaileei egiten duten lanagatik, eta bi lan-ildotan oinarritzen da: ikastetxeetan informazio-panelak kudeatzea eta udaleko sare sozialetarako ikus-entzunezko edukiak sortzea.

Ikastetxeetan

Lehenengo kasuan, gazteek Gazteria Zerbitzuak beren zentroetan emandako informazio-panel esklusiboak eguneratzen dituzte, eta, bertan, intereseko hainbat gairi buruzko kartelak eta liburuxkak partekatzen dituzte. Gainera, panelen sare osagarri bat sortzen da udal-ekipamenduetan, hala nola gizarte-etxeetan eta kiroldegietan.

Sare sozialetan

Bigarren lan-ildoan, informatzaileek konpromisoa hartzen dute hilero bi bideo sortzeko, Gazteria Zerbitzuarekin lankidetzan, Gasteizko gazteentzako jarduera eta baliabide garrantzitsuei buruzko informazioa zabaltzeko. Bideo horiek programaren arduradunarekin koordinatzen dira, eta udaleko sare sozialen bidez zabaltzen dira.

Sarean parte hartzeko hautatutako ikasleek hainbat funtzio bete behar dituzte, hala nola informazio-panelak kudeatzea eta eguneratzea, programari buruzko hasierako prestakuntzetara joatea eta ikus-entzunezko edukia sortzea, eta koordinazio- eta jarraipen-bileretan parte hartzea. Programa ebaluatzeko datuak biltzen ere lagundu behar dute, eta azken galdetegi bat osatu.

2024-2025 ikasturterako deialdia 2024ko urriaren 2ra arte dago zabalik. Interesa duten gazteek beren ikastetxearekin harremanetan jarri beharko dute, eta zentroek, berriz, eskabidea erregistratu beharko dute Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoan edo Herritarrei Arreta emateko Bulego batean.