Mazokak IX. ediziorako deialdia ireki du

Marrazki eta Ilustrazio Azoka abenduaren 20tik 22ra egingo da Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian. Izen-emateak irailaren 30era arte egongo dira zabalik

Mazoka-Gasteizko Marrazki eta Ilustrazio Azokak IX. edizioa ospatuko du abenduaren 20tik 22ra Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian. Marrazki Azoka izenaz ere ezagutzen den ekitaldi honek 40 postu izango ditu eta bertan artistek euren lanak erakutsi eta saldu ahal izango dituzte. Erakusketa- eta salmenta-guneetako bat lortzeko deialdia irailaren 30era arte egongo da zabalik, eta ilustrazioa, komikia, animazioa, diseinua eta artea bezalako diziplinatako profesionalei eta profesionalak ez direnei zuzenduta dago.

Aurreko edizioetan, azokak 300 eskaera baino gehiago jaso ditu, bai Euskadikoak, bai Espainiako eta nazioarteko beste eskualde batzuetakoak. Interesdunek inprimakia bete beharko dute, eta parte hartzeko arauak onartu, ekitaldiaren webgune ofizialean (www.mazoka.org).

Mazoka

Mazoka antzeko beste merkatu batzuetatik bereizten da zuzeneko sorkuntzarako duen ikuspegitik. Artelan guztiak artistek berek ilustratu behar dituzte eta, horrela, “mazokalariak” izateko aukera dute. Edizio honetan, oinarriek espresuki debekatzen dute adimen artifizial generatiboarekin egindako lanekin parte hartzea, originaltasun falta eta egile-eskubideen urraketa argudiatuz.

Gainera, Mazokak seigarren urtez Bekikasle bekaren deialdia egin du, Laboral Kutxaren babesarekin. Bekak “mazokalari” plaza bat, 500 euro ordainsaritan eta ekoizpenerako, ostatua eta webgune profesional baterako harpidetza eskaintzen ditu. Ekimen honen helburua da diseinuko, ilustrazioko, marrazketako, animazioko eta arte plastikoetako talentu berriak aurkitzea eta horiei laguntzea, haien bizikidetza eta lankidetza erraztuz ibilbide eta aintzatespen handiagoko artistekin.