Arrasera bikoitza sexu-harremanetan

sexu-jokabide bera, adibidez, sexu-bikote asko izatea, modu positiboagoan hartu ohi da gizon batek egiten badu emakume batek egiten badu baino

Granadako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, 26 eta 55 urte bitarteko gizon espainiarrek ez dute onartzen emakumeek eta gizonek askatasun sexual maila berean izatea. 26 urtetik beherako gazteak, aldiz, berdintasun horren alde azalduko lirateke. Granadako Unibertsitateko Adimena, Garuna eta Portaera Ikerketa Zentroko (CIMCYC) Giza Sexualitatearen Laborategiko  (LabSex UGR) ikertzaile talde bat ondorio horretara iritsi da The European Journal of Psychology Applied to Legal Context aldizkarian argitaratu den azterlan batean.

Aipatu azterlanean ikertzaileek sexu-portaera bera gizon edo emakume batek egin duenaren baitan ebaluatzeko erabili ohi den “sexu-estandar bikoitza” delakoa aztertu dute. “Arrasera bikoitz hori pertsonek sexu-askatasunarekin zerikusia duten sexu-portaerak baloratzen dituztenean ikus daiteke. Izan ere, sexu-jokabide bera (adibidez, sexu-bikote asko izatea) modu positiboagoan hartu ohi da gizon batek egiten badu emakume batek egiten badu baino”, azaldu dute artikuluaren egileek.  

18 eta 25 urte bitarteko gazteek eta 55 urtetik gorakoek, berriz, sexua berdintasunezko arau batetik ikusten dute.

Arrasera bikoitz horrek ez du berdin funtzionatzen sexu-jokabide guztietan. Hala, eratasunarekin zerikusia duten jokaeretan, adibidez, modu positiboagoan ikusi ohi da emakumeek egiten badute. Hori bai, argi dago, ikerketak egiaztatzen duenez, “sexu-estandar bikoitz” hori beti gizonaren aldekoa dela. 

Azterlanaren ondorio nagusiek erakusten dutenez, lagin osoan berdintasunezko sexu-araua nagusitzen da, nahiz eta gizon gehienek gizonei mesede egiten dien estandar bikoitz baten alde egiten duten. Emakumeen artean, berriz, prebalentzia handiagoa da berdintasunezko sexu-arauaren eta emakumeei mesede egiten dien estandarraren alde.

Adinaren araberako desberdintasunei dagokienez, 26 eta 55 urte bitarteko gizonek gizonaren aldeko sexu-estandar bikoitza babesten dute; 18 eta 25 urte bitarteko gazteek eta 55 urtetik gorakoek, berriz, sexua berdintasunezko arau batetik ikusten dute.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.