Artista gazte emergenteentzako topaketa

Sortzen programak sortzaile berriak bilduko ditu abenduaren 30ean Labe Gazte Laborategian esperientziak eta baliabideak partekatzeko

Gasteizko Udaleko Gazteria eta Kultura Udal Zerbitzuek artista gazte emergenteentzako topaketa antolatu dute Sortzen sormen programaren barruan. Hitzordua abenduaren 30ean izango da Labe Gazte Laborategian.

Jardunaldiak, 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta, mundu artistiko eta kulturalerako sarbiderako tresnak erraztea du helburu nagusi, parte-hartzaileen artean kezkak partekatzeko gune bat sortzeaz gain.

“Topaketa honi esker, gazteek artearen eta kulturaren mundurako sarbidea eta haiekiko harremana errazteko baliagarriak diren tresnak eskuratu ahal izango dituzte. Gainera, beren zalantzak partekatzeko eta hiriko artista gazteen esperientziak gertu-gertutik ezagutzeko aukera emango die”, azaldu du Gazteria zinegotziak, Ana López de Uraldek.

Artista gazte emergenteentzako topaketa

Programa 17:00etan hasiko da gazte artistei zuzendutako kultura baliabideen mapa baten aurkezpenarekin.

18:00etan, tokiko hiru artistak  (Alba Tojo, Irati Antía eta Aritz López) ‘Bertatik be(A)RTara’ hitzaldian parte hartuko dute. Bertan, diseinu eta arte bisual, eszeniko eta plastikoetan izan dituzten esperientziak partekatuko dituzte. Topaketa 19:00etatik aurrera Piperbeltzek prestatutako lunch interaktibo batekin amaituko da.

Izen-emateak abenduaren 15era arte egongo dira zabalik eta udalaren webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez egin daitezke.