Gasteizek 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzako sorgune berri bat du. San Vicente de Paul kalean den Labe-Gazte Laborategia kulturarako, sormenerako, parte-hartzerako eta elkartzeko gunea izateko sortu da. Ingelesezko ‘Lab’ (laborategia) eta euskarazko ‘labe’ hitzarekin jolastuz, izenak sorgunearen ezaugarriak jaso nahi izan ditu. Izan ere, laborategietan sortu egiten da, elkarlanean, partekatuz, ikertuz… gazteriak berezkoak dituen osagai horiekin guztiekin ideiak, harremanak eta egitasmoak ‘kozinatu’ nahi dira. Funtsean, Labe-Gazte laborategia sormenerako, ekiteko, harremanetarako eta partekatzeko gunea izateko sortu da.
Aste honetan bertan hasi dira jarduera ezberdinak: Adriana Fariñasen ‘In my mind’ argazki-erakusketa, Diburen zuzeneko graffitti margoketa, ‘La madre de José’ eta ‘Delenda Est.’en kontzertuak, diskoteka horizontala…