Aurtengo Xabier Lete Sormen Bekarako deialdia ireki da

Euskarazko literatura sustatzea helburu duen bekak 70.000 euroko laguntza eskainiko dio literatur proiektu bati

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Zabalik dago 2025eko Euskarazko Xabier Lete Sormen Bekarako eskaerak aurkezteko epea. Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak bultzatutako beka honek euskarazko literatura sustatzea du helburu, idazleei urtebetez beren literatur proiektuari buru-belarri dedikatzeko aukera emanez.

Beka honek 70.000 euroko dirulaguntza eskaintzen du, eta bere helburua da sendotze-bidean dauden idazleen sormen-lana erraztea, haien talentu literarioa garatzen laguntzea eta ibilbide literarioan aurrerapen nabarmena ahalbidetzea.

Xabier Lete Beka 2024an abiatu zen lehen aldiz, eta lehen edizioan Eider Rodríguez idazlea izan zen aditu-batzordeak hautatutako saritua. Bigarren edizio honetan ere, idazleek denbora nahikoa eta baldintza ekonomiko egokiak izango dituzte lan handinahiagoei edo konplexuagoei heltzeko.



Bi erakundeen konpromisoa islatzen du beka honek: batetik, sormen-talentua sustatzekoa, eta bestetik, Euskal Herriarekin eta euskararekin duten konpromisoa. Globalizazioaren testuinguruan, hizkuntza gutxitu batean kultura sortzeak dakartzan zailtasunak ezagututa, ekimen berri hau euskarazko sormen literarioari esklusiboki zuzendua dago, euskal literaturaren aniztasun eta kalitate gero eta handiagoari ekarpena egiteko asmoz.

Xabier Lete Bekara aurkezteko, eskatzaileak adin nagusikoak eta lan-bizitzako aldian daudenak izan behar dira. Beka hau bateraezina da sorkuntzarako beste edozein bekarekin.

Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 10ean amaituko da. Onartutakoan, bekaren iraupenak hamabi hilabete izango ditu, eta epe hori amaitzean proiektua bukatuta egon beharko da.

Beka jasoko duen idazlearen izena uztailaren 15ean emango da ezagutzera.

Advertisements