
Irakurketa denbora: 2 minutu
Irriziklo, euskarazko formatu txikiko antzerki eta umore programaren edizio berria, datorren otsailaren 28an hasiko da Nafarroako Antzerki Eskolan. Martxoaren 19ra arte luzatuko den aurtengo edizioak lau proposamen biltzen ditu, guztiak arratsaldeko 19:00etan hasita. Sarrerak dagoeneko salgai daude Nafarroako Antzerki Eskolako leihatilan edota bere webgunean, 5 euroren truke saio bakoitzeko. Horrez gain, lau emankizunerako bonua ere eskura daiteke 16 euroren truke.
Egitaraua
Aurtengo egitarauak euskarazko umorearen aniztasuna erakusten duten lau proposamen eskaintzen ditu. Barrexerka Konpainiaren “Nahastumbury” antzezlanak emango dio hasiera zikloari otsailaren 28an. Ikuskizun horrek ikus-entzunezkoak txertatzen ditu, umore estilo ezberdinak erabiliz, emanaldi berri eta dinamikoa sortuz. Mikel Irazusta eta Maialen Sorzabalberek zuzenduko dute antzezlana, eta gidoia Ekain Arrietarekin batera idatzi dute. Hiru hauek antzezle moduan ere parte hartuko dute, Graxi Arregi, Amaia Iraundegi, Garazi Mitxelena, Amaia Rojo eta Nerea Aranbururekin batera.
Martxoaren 5ean, Lanku Kultur Zerbitzuak “Ztandap” izenburuko antzezlana eskainiko du. Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik zuzentzen eta antzezten duten lan honek umorea du gai nagusia. “Bakean Dagoena Bakean Utzi” eta “Luze edo Motz” arrakastatsuen harira, antzezlanean eguneroko gaiak aztertuko dira betaurreko moreak erabiliz. Orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa edo elkarbizitza bezalako gaiak deseraikiko dira antzezlan honetan.
Martxoaren 12an, Infinito taldearen “Promesa berdina egin diegu lagun guztiei” formatu txikiko antzezlana izango da ikusgai. Poesia, performancea eta umorea nahasten dituen ikuskizun honetan, Intza Alkain eta Maite Aizpurua Olaizola aktoreek fikziozko lagun talde bat osatuko dute, publikoaren laguntzarekin. Euforian zehar, lagun taldeen apologia eta adiskidetasun erromantikoa azaleratuko dira. Zarataren tarteetan, aldiz, kontraesanak, galderak eta galerak agertuko dira. Adiskidetasuna komunitateak josten dituen alkimia dela sinetsita, ustekabez beteriko ospakizuna eramango dute muturrera.
Zikloa martxoaren 19an amaituko da Euskalerria Irratiko “Flop Kultura” podcastaren emanaldiarekin. Eneko García eta Danel Pascualek egungo gaurkotasunaren eta kultura poparen hainbat alderdiri buruzko ikuspuntuak partekatuko dituzte, umorez eta arintasunez. Gaur egungo entzuleria anitzarentzat interesgarriak diren puntuak azpimarratuko dituzte. Errealitate disidenteak kanpoko elementu gisa prozesatu beharrean, “Flop Kultura”-n disidentzia arau bihurtzen da, eta iritzi guztien oinarri.
Euskara
Irriziklok aspaldiko tradizioari jarraitzen dio, Iruñean euskarazko umorezko antzerkia sustatzeko helburuarekin, formatu txikian eta prezio eskuragarriekin. Egitasmoak Iruñeko kultur eskaintzari euskarazko ikuskizunak gehitzen dizkio, euskal kultura berritzaileari balioa emanez eta gazteentzako proposamen erakargarriak eskainiz.
Ziklo osoko lau emankizun guztiak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira (San Agustin kalea, 3), arratsaldeko 19:00etan hasita, eta ordu bateko iraupena izango dute, “Promesa berdina egin diegu lagun guztiei” lanaren kasuan izan ezik (35 minutu).