Auzo Eszena zazpi ikuskizun eszenikorekin itzuliko da

Programazioak hamabost hautagaitzen artean aukeratutako proposamen inklusibo eta diziplina anitzekoak biltzen ditu

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak Auzo Eszena egitasmoaren XIV. edizioko programazioa aurkeztu du. Zikloak amateur mailako zazpi ikuskizun eramango ditu gizarte etxeetako areto nagusietara otsailaren 16tik maiatzaren 11ra bitartean. Programatutako emanaldiek hainbat diziplina artistiko hartzen dituzte barne, hala nola antzerkia, dantza, poesia, musika, pintura, zirkua eta mentalismoa.

Auzo Eszena

Ikuskizunen hautaketa 2024ko urrian egindako deialdi publiko baten bidez egin da. Deialdi horretan talde eta artista ez-profesionalen hamabost proposamen jaso ziren. Horien guztien artean, zazpik osatuko dute egungo denboraldiko programazioa, eta gainerako zortziak urritik abendura bitartean taularatuko dira.

Denboraldia otsailaren 16an hasiko da “Libélula” lanarekin, poesia, zuzeneko musika, dantza eta pintura uztartzen dituen Anankek-en diziplina anitzeko ikuskizuna. Ondoren, Guralia taldearen “Delante del espejo” haur-antzezlana izango da, otsailaren 23an. Martxoaren 16an, “Handicap en vivo” kontzertua programatu da, non Handicap taldeak bere azken diskoa aurkeztuko duen. Aste bat geroago, hilaren 23an, Azirkarte eta Luz Verde taldeek zirku eta antzerki inklusiboko proposamena aurkeztuko dute. “SanArte” izenburupean bi lan taularatuko dituzte: “¿Encajamos?” eta “Así está la sanidad”.

Programazioak martxoaren 30ean jarraituko du “Subliminal” lanarekin, Tadir elkarteko Diego Calaviak aurkeztutako mentalismo ikuskizuna. Apirilaren 6an, Con Cuatro Ojos taldeak mikroantzerkiko hiru pieza eskainiko ditu “Microteatro³” izenburupean. Denboraldia maiatzaren 11n amaituko da “A cajón serrado” antzerki lanarekin, BiziARTE kultur elkarteak aurkeztua.

Ikuskizun guztietarako sarrerak otsailaren 5etik aurrera eskuratu ahal izango dira hiriko gizarte etxe eta kirol instalazioetan, 5 eta 7 euro arteko prezioan. Internet bidez ere erosi ahal izango dira emanaldi bakoitza hasi baino ordu bat lehenagora arte.

Advertisements