Zabalik da aurtengo Etikasi programarako deialdia

Giza Eskubideak ardatz dituen egitasmo honi esker gazteek eremu honetan garrantzitsuak diren tokiak bisitatu ditzakete, hala nola Auschwitz edo Irlandako iparraldea

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) esperientzia zuzenaren bidez gazteak giza eskubideetan prestatzekoa helburu duen Etikasi 2025 programarako deialdia ireki du. Hezkuntza-ekimen hau  Europako gertaera historiko esanguratsuak bizi izan diren tokietan garatzen da.

Programa, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide eta Biktimei Arreta Zuzendaritzarekin eta Gazteria eta Emantzipazioa Zuzendaritzarekin batera bultzatua, hezkuntza-tresnak sortzea du helburu, gazteei bizikidetza, bakea eta elkartasuna ulertzeko aukera emateko.

Etikasi

Etikasi bi modalitate desberdinetan egituratzen da. Lehena Batxilergoko 1. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta Poloniako Krakoviara bidaiatuko dute ekainaren 17tik 20ra bitartean. Egonaldian, hiria eta Auschwitzeko kontzentrazio-eremua bisitatuko dituzte, giza eskubideak ulertzeko leku sinboliko bat.

Bigarren modalitatea Lanbide Heziketako eta Unibertsitate Graduko gazteei zuzenduta dago, hots, 18 eta 30 urte bitarteko gazteak. Talde honek bi bidaia egingo ditu: lehena Irlandako iparraldera, uztailaren 4tik 8ra, Belfast eta Derry bisitatuz, eta, bigarrena Euskal Herrian bertan, urriaren 3tik 5era, Pasaia eta Errenteria bisitatuz.



Hautagaiek dokumentazioa aurkeztu beharko dute, euren parte-hartzea egiaztatuz, hala nola inskripzioak, bideoak edo giza eskubideei buruzko gogoetak, modalitatearen arabera. Hezkuntza, giza eskubide eta kulturaren munduko pertsonez osatutako epai-mahai batek hautagaitzak baloratuko ditu.

Programak parte-hartzaileen gastu gehienak estaliko ditu, hala nola hegaldiak, aseguruak, ostatua eta dietak. Belfastera bidaiatuko dutenek 12 euro ingururen truke lor daitekeen  Electronic Travel Authorisation UK ziurtagiria izan beharko dute.

Etikasi giza eskubideen urraketa gertatu diren tokiak zuzenean ezagutzeak historian ulerpen sakonago eta enpatikoa ahalbidetzen duela sinesten du, belaunaldi berriek duintasun, aniztasun eta elkartasun balioekiko konpromisoa sustatuz.

Interesatuek informazio gehiago eskatu dezakete 688 737 097 edo 943 42 97 67 telefonoetan, edo bakea@egk.eus posta elektronikoan.

Advertisements