Gasteizko Gizarte-Etxeek Auzo Eszena zikloaren denboraldi berri bat hartuko dute otsailaren 20tik maiatzaren 22ra bitartean. Antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia bat, musikal bat… osatzen dute aurtengo edizioaren programazioa. Guztira publiko guztietarako 9 ikuskizun izango dira.
Arte eszenikoan ziklo honek Gasteizko konpainia amateurrak ditu protagonista eta beren lanak ezagutzera emateko gune bat eskaintzen zaie. Emanaldiak Arana, Aldabe, Ariznabarra, Arriaga, Ibaiondo, Salburua eta Zabalganako Gizarte-Etxeetan eskainiko dira.
Programazioa
Zikloa otsailaren 20an hasiko da Aranako Gizarte-Etxean Ciro Diroren ‘Soy un fraude’ bakarrizketarekin.
Martxoaren 6an Aldabeko Gizarte-Etxeak ‘Kabia’ antzezlana hartuko du eta astebete beranduago, martxoaren 13an, Arriagako Gizarte-Etxean Goyo Magoaren ‘Txirriski Mirriski’ magia eta mentalismo ikuskizuna ikusi ahal izango da.
Martxoaren 27an, ‘Decidme cómo es un árbol’ poesia-emanaldia izango da, Salburua gizarte-etxean, Poeta Gorrien Klubaren eskutik.
Apirilaren 3an Teatracho konpainiak ‘Morir… o no morir’ antzezlana aurkeztuko du Salburuako Gizarte-Etxean.
Apirilaren 10ean, Ibaiondon, Azirkarteren eta Arai Dantzaren ‘Biok batera’ zirko-ikuskizuna izango da ikusgai.
Maiatzaren 8an, Aldaben, eta Auskalhopen eskutik, familiako kide guztientzako ‘El lobo, el funambulista y el bosque encantado’ antzezlana ikusi ahal izango da.
Maiatzaren 15ean Ipazapiren ‘Atraco a las 9’ ikuskizuna izango da Zabalganan.
Eta zikloaren XI. edizioari amaiera emateko, maiatzaren 22an, Ariznabarran, Juango Monagoren ‘El asesino’ lana izango da.
Ikuskizun guztiak igandetan izango dira eta 19:00etan hasiko dira. Sarrerak 3 eta 5 euroren truke eskura daitezke eta lortutako diru guztia konpainientzat izango da.