Bularreko minbiziaren ikerketa sustatzeko bideo-jokoa

Genigma mugikorrerako joko bat da non minbiziak eragindako dna-kateak ordenatu behar dira.

Bartzelonako Centro de Regulación Genómica (CRG) eta Centro Nacional de Análisis Genómico (CNAG-CRG) erakundeek bularreko minbiziaren ikerketa sustatzeko bideo-joko bat garatu dute. Genigma telefonorako doako joko bat da eta entretenimendua eskaintzeaz gain, minbiziaren aurkako borrokan ere lagun dezake.

Izan ere, Genigmara jolasten denean jokalariek buru-hausgarriak ebatzi beharko dituzte eta prozesu horretan hainbat datu emango dituzte. Datu horiek guztiak, oro har, minbiziaren aurkako ikerketan erabiltzen diren T47D tumore-zelulen genomaren sekuentzia osatzen lagunduko dute.

Dna-kateak

Jokoaren xedea da forma eta kolore ezberdinak dituzten bloke-kateekin osatutako buru-hausgarriak ebaztea. Kate bakoitzak sekuentzia genetiko bat ordezkatzen du eta blokeak (DNA zatiak) jartzeko moduak genoman izan dezakeen posiziorako soluzio bat izan daiteke. Jokalariak blokeak berrantolatu behar ditu eta horien kolorea eta lortutako puntuak kokapenaren arabera aldatuko dira.

Jokalari bakoitzak DNA buru-hausgarrietarako irtenbide bat emango du. Zientzialariek jokalariek emandako ekarpenak aztertuko dituzte eta horietako bat beharrezkoak diren baldintzak beteko balitu, adimen artifiziala erabiliko da bere bideragarritasuna aztertzeko.

Ikerketa-taldearen kalkuluen arabera, 40 jokalarik puntuazio maximoa duen irtenbide bera ematen badute, erantzun hori izan daitekeen irtenbide onena bezala hartuko da.

Printzipioz, emaitza horiek Adimen Artifizialarekin lortu ahal dira, baina ikerlarien ustez, gizakiek emandako erantzunak erabilgarriagoak izan daitezke gure logikak emaitza sortzaileagoak eta anitzagoak ematen dituelako. Azken finean, algoritmoek aldez aurretik ezarritako arau batzuk jarraitzen dituzte eta ez dira horietatik aldentzen. Jokalariek, aldiz, ez dute inolako araurik jarraitzen.

Lankidetzan

Jokoaren garapenean ikerlariek, komunikatzaile zientifikoek, hezitzaileek, gamer-ek eta diseinatzaileek parte hartu dute. Urtebete baino gehiago eman dute jokoaren diseinuan. Joan doan eskura daiteke iOs eta Android plataformetarako.