Barakaldoko Emantzipazio Eskolaren hitzaldiak eta tailerrak

Azaroan zehar hiru hitzaldi informatibo eta altzariak zaharberritzeko tailer praktiko bat eskainiko dira Gazte Bulegoan

Pasa den urtearen amaieran, Barakaldoko Udalak Emantzipazio Eskola jarri zuen martxan. Egitasmo horren xedea zen herrian bizi diren gazteei beharrezko tresnak eta ezagutza ematea etxebizitza eskuratzearekin eta eguneroko bizitzarekin lotutako funtsezko gaiei heltzeko.

Ekimenak gazteek izan ditzaketen zalantzei erantzun nahi die, adibidez, etxebizitzaren merkatuaren dinamika, etxeko mantentze-lanak, horniduren kontratazioa edo erakunde publikoek eskaintzen dituzten laguntza eta dirulaguntzak bezalako esparruetan.

Urtearen azken hiruhilekorako Emantzipazio Eskolak hiru hitzaldi informatibo eta tailer praktiko bat programatu ditu. Hitzaldiak Gazte Bulegoan egingo dira eta honako gai hauek jorratuko dira:

  • Etxebizitza bat alokatzea edo erostea (azaroak 7): Hitzaldi horretan etxebizitza bat alokatzeko edo erosteko beharrezkoa den oinarrizko informazioa, baliabideak eta orientazioa eskainiko da.
  • Etxeko ekonomia (azaroak 14): Hitzaldi honetan etxeko finantzak modu egokiak kudeatzeko aholkuak eskainiko dira, aurrekontua, aurrezkia eta kontsumo-gastuak bezalako kontzeptuak azalduz eta ohikoak, beharrezkoak eta ez funtsezkoak diren gastuak identifikatuz.
  • Kontsumo jasangarria (azaroak 21): Azken hitzaldiak kontsumo jasangarria izango du ardatz, ingurumenean dugun inpaktua minimizatzeko eta justizia soziala aintzat hartuko duen kontsumo-eredu bat jarraitzearen garrantzia azpimarratuz. Horretarako egun nagusi dien kontsumo-eredua aztertu eta alternatiba jasangarriak eskainiko dira.
Tailer praktikoa

Aipatu hitzaldi horiez gain altzariak zaharberritzeko tailer praktiko bat eskainiko da azaroaren 16an, 23an eta 30ean. Hiru egunetan zehar, parte-hartzaileek altzariak zaharberritzeko oinarrizko trebetasunak ikasteko aukera izango dute, hala nola, arrastoak konpontzea, eskulekuak aldatzea, apurtutako hankak finkatzea edo altzariak nola bernizatu edo margotu.

Jarduera guztiak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaizkie eta doakoak izango dira. Izen-emateak Gazte Bulegoa zerbitzuaren ohiko kanaletatik egin daitezke, hau da, e-mailez (gaztebulegoa@barakaldo.eus) edo telefonoz (688 63 99 35).

Emantzipazio Eskola, Kontsumobiderekin batera, tokiko gazteak ahalduntzea bilatzen du, eguneroko erronkei eta etxebizitzaren eta kontsumo arduratsuaren inguruko erabaki garrantzitsuei konfiantzaz aurre egiteko beharrezko trebetasunak eta ezagutzak eskainiz.