Atzerrian ingelesa, frantsesa edo alemana ikasi nahi?

Datorren udan hizkuntzak ikasteko 532 egonaldietako batean izena emateko epea ireki du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datorren udan atzerrian hizkuntza-ikastaroak egiteko 532 plazetako bat eskatzeko epea ireki berri du. DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta, programa honek ingelesezko, frantsesezko eta alemanezko hizkuntza-trebetasunak hobetzeko aukera ematen du Irlandan, Erresuma Batuan, Frantzian eta Alemanian.

Bi asteko iraupena izango duten Hezkuntza-egonaldi horiek finantzatzeko aurrekontua 1.033.571 eurokoa da. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 23ra arte egongo da zabalik. Aukera horretaz baliatu nahi duten gazteek baldintza batzuk bete beharko dituzte:

  • Aurreko ikasturtean gutxienez 7ko kalifikazioa lortu izana hautatutako hizkuntzan edo hizkuntzetan (ingelesa, frantsesa edo alemana).
  • Aurreko ikasturteko bataz besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana.
  • 2024an, gehienez, 19 urte betetzea.
  • Eskaera egin aurreko bi ikasturteetan eskatutako hizkuntza ikasi izana.

Guztira 532 plaza eskainiko dira, 462 ingelesa ikasteko (198 Irlandan eta 264 Erresuma Batuan), 50 Frantzian frantsesa ikasteko, eta 20 Alemanian alemana ikasteko.

Beka-programa hori bi zatitan banatzen da. Lehenengo tartea iaz beka bat jaso zuten ikasleei aplikatzen zaie, eta bigarrena, berriz, onuradun izan ez zirenei. Lehen tarteko ikasleek 140 euro ordaindu beharko dituzte, eta bigarren tartekoek, berriz, 560 euro.

Emandako plaza bakoitzak onura hauek ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetatik helmugako herrialderainoko joan-etorriko bidaia, bidaia-asegurua, matrikula eta ikasketa materiala, ostatua, jatordua eta ikastaroa burutuko den ikastetxerako hiri-garraioa. Baita jarduera soziokulturalak ere, hala nola kirol-jarduerak eta egun osoko txangoak.