Belgikako sexu-langileek lan-eskubide osoak izango dituzte

Sexu-langileei beste edozein langileren eskubide berak izateko aukera emango dien lege bat ezarri berri dute Belgikan

Belgikak aurrekaririk gabeko urratsa eman du sexu-lanaren erregulazioan. Hemendik aurrera, prostituzioan aritzen diren pertsonek beste edozein langilek dituen eskubide berak izango dituzte. Hil honetan bertan indarrean jarriko den neurria maiatzean onartu zen eta, horri esker, sektorean lan-kontratuak formalizatzea ahalbidetuko da eta gizarte-prestazio osoak bermatuko dira. Horrela, prostituzioan diharduten horiek, emakumeak nagusiki, lan egindako orduen arabera kotizatuko dute, eta oporrak, langabezia, bajak eta pentsioak jasotzeko eskubidea izango dute.

Belgikan prostituzioa 2022an despenalizatuta izan zen arren (Zeelanda Berriaren atzetik prostituzioa despenalizatzen zuen bigarren herrialdea izan zen), ordutik hona jarduera hori legezko hutsune batean garatu da. Adibidez, Tabernetan eta masaje erotikoen aretoetan lan egiten zuten prostitutek eskudirutan kobratzen zuten edo zerbitzari-kontratuak zituzten. Belgikan sexu-langileen % 90 emakumeak dira.

Enplegatzaileen betebeharrak

Indarrean jarri den lege berriak hainbat baldintza ezartzen dizkie enplegatzaileei. Adibidez, baimen bereziak lortu beharko dituzte sektore horretan lan egin ahal izateko eta, Belgikan egoitza legala izateaz gain, zigor-aurrekaririk ez dutela frogatu beharko dute.

Aldi berean, legeak babes berezia eskaini nahi die sexu-langileei, bezeroak ukatzeko eta zerbitzuak eteteko eskubidea barne. Gainera, sexu-zerbitzuak ematen diren gela bakoitzak alarma-botoi bat izan beharko du, sexu-langilea bere “erreferentziazko pertsonarekin” konektatuko duena.

Lege honen bidez bere lan-jarduera erregularizatzen duten langileei hainbat eskubide bermatuko zaizkie, hala nola, langabezia-prestazioak, osasun-asegurua, amatasun-baja eta pentsioetarako kotizazioa. Lege berriak bide ematen du norbere kontura edo soldatapean lan egiteko.

Erreformak zatiketa handia eragin du Belgikako gizartean. ISALA bezalako erakunde feministek kritikatu dute legeak ez dituela behar bezala jorratzen emakume migratzaileen eta salerosketaren biktimen egoerak, lan-baimenik gabe sistema berritik kanpo geratzen baitira. Gainera, araudiak sexu-esplotazioa legitimatu dezakeela ohartarazi dute.

Neurri honek Belgika munduko sexu-lanaren erregulaziorik bermatzaileena duen herrialde bihurtzen du, Alemania, Herbehereak eta Zeelanda Berria bezalako herrialdeen markoak gaindituz.

Advertisements