Gasteizko Udalak, bere Euskara Zerbitzuaren bidez, bi lankidetza-hitzarmen sinatuko ditu ikus-entzunezkoen arloan eta arlo soziolaboralean euskara sustatzeko.
Alde batetik, zineman euskara sustatzea helburu duen Tinko elkartearekin sinatuko du lankidetza-hitzarmena. Tinko elkartea ‘Euskara zine aretoetara’ egitasmoa garatzen duen elkartea da eta horri esker, 2006. urtez geroztik, euskarazko filmak programatzen dira Euskal Autonomia Erkidego osoan. Saio horiek, ikastetxeen bidez antolatzen dira eta eskola-egunetan izaten dira. Elkarteak material batzuk jartzen ditu horien eskura, ikasgeletan azalpen didaktikoak emateko. Udalak 10.500 euro jarriko ditu datorren ikasturterako.
Bestalde, Udalak beste lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du Bai Euskarari elkartearekin, kasu horretan, 23.100 euroko zuzkidurarekin. Irabazi-asmorik gabeko elkarte honen helburua da enpresetan, merkataritza establezimenduetan eta bestelako erakundeetan euskara bultzatzea, lan-esparruan hizkuntza-normalizaziorako neurriak ezartzen lagunduz. Hitzarmenaren xedea izango da 10 eta 49 langile bitartean dituzten enpresekin lan egitea.