BiArteko Mugi ekimenak biodibertsitatea, artea eta mugikortasun jasangarria uztartuko ditu

Aranzadi Zientzia Elkarteak hiri-inguruneko basabizitza espezieak balioesteko proiektua jarri du martxan

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Aranzadi Zientzia Elkarteak BiArteko Mugi izeneko ekimena jarriko du martxan. 2025ean eta 2026an garatuko den erronka ekosozial berri horren helburua da Donostiako hiri-biodibertsitatea balioestea. Kutxa Fundazioak finantzatutako proiektu hau Chillida Leku Museoa, Bizikletaz Adinik Ez (BAE) elkartea eta Ikasplay enpresa teknologikoaren arteko aliantzatik sortu da, eta Donostiako Udalaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) babesa du.

BiArteko Mugi

BiArteko Mugi ekimenak begirada berritzailea proposatzen du hiri-ingurunera. Europako biztanleriaren gehiengoa horrelako inguruneren batean bizi da eta, horregatik, horrelako inguruneetako natura-ondarea balioetsi nahi da. Horretarako, hiriko biodibertsitateari balioa emango zaio, mugikortasuna sustatuz eta hirian bizi diren basa-espezieek prozesu ekologiko eta ebolutiboak nola gordetzen dituzten erakutsiz.

Egitasmoak hiru zutabe nagusi ditu: mugikortasuna eta txikiarekiko jakin-mina, artea eta teknologia dibulgazioaren zerbitzura eta gizarteratzea eta herritarren parte-hartzea.



Lehenengo zutabeari dagokionez, BiArteko Mugik ibilbide eta esku-hartze artistikoak diseinatuko ditu Donostian zehar, egunerokotasunean oharkabean igarotzen diren espezie txikiak ezagutzera emateko, haien garrantzi ekologikoa eta hiri-inguruneak hartzen dituen askotariko egokitze-harremanak azpimarratuz, hirian barrena ibiltzera gonbidatuz eta hiriko hainbat tokitan kokatutako multimedia-edukiekin eta QRekin elkarreraginez.

Bigarren zutabeari dagokionez, datorren urtean Chillida Lekuk koordinatuko duen egoitza sortzaile batean disinatuko diren esku-hartze artistikoak hainbat berdegunetan erakutsiko dira, kultura- eta dibulgazio-ibilbide bat osatuz. Gainera, aplikazio mugikor bat garatuko da, sedentarismoa sustatu beharrean, gure natura-ondarea ezagutzeko.

Azken zutabeari dagokionez, Bizikletaz Adinik Ez elkarteak bere trizikloak jarriko ditu mugikortasun urriko pertsonek ibilbideekin bat egin dezaten. Parte hartzeko guneak ere irekiko dira, herritarrek ideiak, iradokizunak eta kezkak proposa ditzaten, belaunaldien arteko harremanak sustatuz eta genero-ikuspegia indartuz.

Advertisements