Bikotekidea Interneten bidez

Aurreko alean, teknologia berriek, gero eta gehiago, gure harremanetan eragiten dutela adierazi genuen, eta horren adibide gisa, harreman sexualak izan ondoren Twitteren bidez honen berri ematen duten pertsonen kopurua gero eta handiagoa dela azaldu genuen. Internet oso tresna interesgarria bilakatu da bikotekidea bilatzeko; gizarte sareak, txat-gelak, bikotekidea bilatzeko webgune espezializatuak… hainbat dira Internetek bikotekidea bilatzeko ematen dituen aukerak.

Normalean, horrelako bideetara bizitza errealean, edozein arrazoiarengatik, harremanak hasteko zailtasunak dituzten pertsonek jotzen dute. Zure etxeko ordenagailuaren aurrean egoteak ematen duen pribatasunak harremanak hasteko edota beste pertsonak bilatzeko indarra ematen du. Dena den, beti segurtasun neurri batzuk jarraitu behar dira. Izan ere, herreman birtualetan pertsonak ez dira bizitza errealean bezala portatzen. Internet bidez pertsona batekin harremanetan hasiz gero, egokiena harreman birtuala zenbait hilabetez mantentzea da, eta gauzak ondo badoaz, bizitza errealean ezagutzeko aukera eman daiteke. Horrelako pausoa ematea erabakitzen baduzu, egokiena, segurtasun neurriengatik, leku publiko batean geratzea da.