“O divino ferrete” izenburua duen filma galegoz egingo den lehen film pornoa dugu. Alejandro Tobar idazle galiziarraren ideiari jarraituz, Matías Nicieza zuzendariak galego hizkuntza orain arte izan ez den esparruetara eraman nahi izan du, eta bera zinemaren munduan lan egiten duenez, pelikula porno bat grabatzea erabaki du.
Tobarrek pelikularen gidoia idatzi du beste lau lagunekin batera. Ondoren, ideia GalegoLab izeneko gizarte sarean partekatu dute laguntza ekonomikoa lortu nahian. Egileek dioten bezala, xede nagusia galego hizkuntzaren normalizazioa lortzea da.
Filman galiziar neska baten istorioa azaltzen da. Emakumea herbestean bizi da, baina Galiziara bueltatzen da lagun baten ezkontzan izateko. Zuzendariak dioen bezala, galiziar istorio batean apaiza ezin da falta.
Filmak Creative Commons lizentzia izango du, hots, doan eskuratzeko aukera izango da. Izan ere, filmaren xedea galego hizkuntza sustatzea da, eta ez dirua irabaztea.