Bederatzi egunez, martxoaren 15etik 24ra bitartean, Bilbo poesiaz beteko da. Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusia “Zeharbideak” lelopean eta bidaia ildo nagusia delarik aurtengo Bilbaopoesía jaialdiaren agertoki nagusia izango da.
Aurtengo edizioak programazio anitza izango du, baina guztien gainetik hiru jarduera azpimarra daitezke: Alberto San Juanek Mario Benedettiri egingo dion omenaldia, Christina Rosenvingeren kontzertua eta ‘Belar Hostoak: Walt Whitman’ emanaldia.
Martxoaren 16an, eta Loraldia jaialdiarekin elkarlanean, Walt Whitman poeta iparramerikarra omenduko duen ‘Belar Hostoak’ ikuskizun poetikoaren txanda izango da. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Amaia Lasak, Andoni Etxebestek, Antxon Sarasuak, Dani Venegasek, Jon Gurrutxagak eta Urbil Artolak.
Christina Rosenvinge eta Alberto San Juan
Martxoaren 19an Christina Rosenvingeren txanda izango da. Kantautoreak kontzertu eta irakurketa duo bat eskainiko du eta, horrez gain, ‘Debut’ izenburua duen bere lehen liburua ere aurkeztuko du. Bertan, Rosenvingek bere ibilbide profesionalean eragina izan duten literatura-, musika- eta arte-erreferentziak gurutzatzen ditu.
Martxoaren 22an, Bilbaopoesíak Mario Benedettiri eskainiko dion omenaldia izango da. Mario Benedettiren omenezko errezitaldian, bere poema eta prosen bidez, Latinoamerikako eta Espainiako literaturako beste ahots batzuei egingo zaie omenaldia, baita bere lurraldetik, ozeanoaren bi aldeetan, miseriatik edo jazarpen politikotik bizirik irauteko erbesteratu behar izan zuten pertsona guztiei ere. Alberto San Juan aktorearen eta Fernando Egozcue musikariaren eskutik Benedettik, Cernudak, Giaconda Bellik, Galeanok, Cristina Peri Rossik, Cortazarek eta beste hainbat autorek parte hartuko dute ‘bidaia’ horretan. BilbaoPoesiaren gainerako programazioa laster partekatuko da. Aipatu jarduera hauek izan ezik bestelako jarduera guztiak doakoak izango dira. Rosenvingeren kontzerturako eta Benedettiren omenaldirako sarrerak bost euroren truke eros daitezke esteka honetan.