
Irakurketa denbora: 2 minutu
Bilboko Guggenheim Museoak iF Design Student Award 2025 sarien banaketa ekitaldia hartuko du ekainaren 20an. iF Design Student Award saria diseinuaren alorrean talentu gazteentzako munduan den sari ospetsuenetako bat da. Ekitaldiak 20 herrialde ezberdinetako 300 ikasle inguru bilduko ditu, eta iF Design-ek antolatzen du EIDErekin (Euskal Diseinuaren Elkartea) elkarlanean.
Ekitaldi hau Bilbon ospatzea 2024ko maiatzean euskal diseinuaren industria eta kultura nazioartean sustatzea helburu duen iF Design eta EIDEren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da. Ekitaldiak Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du.
iF Design Student
Esan bezala, sari hau diseinuaren alorrean talentu gazteentzako munduan den sari ospetsuenetako bat da eta, urtero, 72 herrialdetatik bidalitako 10.000 proposamen inguru jaso ohi ditu. Sariketa Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatuta dago eta, horrela, horietako 15 helbururekin bat egiten duten 15 kategoriatan banatuta dago. Sariketa bi urte baino gutxiagoko esperientzia duten ikasle eta graduatu berriei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek 2025eko otsailaren 5era arteko epea dute beren hautagaitzak aurkezteko.
Irabazleek 50.000 euroko sari ekonomiko bateratua jasoko dute, eta beraien proiektuak iF Design-en plataforma digitalean, nazioarteko hedabideetan, sare sozialetan eta Taipein izango den erakusketa batean zabalduko dira. Aitorpen horiek ematen dituen nazioarteko epaimahaia sektoreko aditu independenteek osatzen dute.
Bilbo eta diseinua
Antolatzaileek parte-hartzaileei Bilboren sortze-gaitasuna ezagutzeko aukera emango dien bi eguneko jarduera-programa prestatu dute. Bilbok harreman estua du diseinuarekin eta, 2014. urteaz geroztik, Unescok ematen duen Diseinuaren Hiria aintzatespenaren jabe da. Jardueren artean nabarmentzen dira 2030erako hiri-erronkei buruzko berrikuntza ireki tailerra eta nazioarteko networking topaketa Azkuna Zentroan, ekitaldiaren bezperarako aurreikusita dagoena.
Ekitaldi hau Euskal Herriko ikasleen, sektoreko profesionalen eta diseinu arloko enpresen arteko topagune ere izango da. 2.400 eragile eta hedabide baino gehiagok, bai espezializatuak bai orokorrak, ekitaldiaren berri emango dutela espero da, eta horrek Bilbo eta euskal diseinuarentzat erakusleiho garrantzitsua izango da.