Bisita gidatuak eta antzeztuak Bilboko Hilerrira

Programak bost ibilbide ezberdin eskainiko ditu eta ekainaren 9an hasiko da ‘Pertsonaia ospetsuak’ bisitarekin

Urriaren 4ra bitartean, Bilboko Udal Hilerrian bisita gidatuak eta antzeztuak egingo dira. Bisita horien xedea da bertako ondare arkitektonikoa, artistikoa, kulturala, historikoa eta paisajistikoa ezagutzera ematea.

Bilbao Zerbitzuak diseinatutako programak bost ibilbide ezberdin eskainiko ditu, Bilboko hilerriko hilarri eta panteoietan irudikatutako korronte arkitektoniko eta artistikoei buruzko ezagutza berreskuratu eta zabaltzeko.

Lehen bisita gidatua, ‘Pertsonaia ospetsuak’ lelopean, ekainaren 9an, eta Bilboko Hilerrian ehortzitako pertsonaia ospetsuen bizitza eta obra aztertuko ditu, hilobi, mausoleo eta panteoien bitartez. Bisita hori uztailaren 23an eta abuztuaren 28an errepikatuko da.

Beste ibilbide bat, ‘Artea duen hilerria’ izenekoa da. Kasu horretan, bisitak  ekainaren 15ean, abuztuaren 8an eta urriaren 4an eskainiko dira, hilerriaren alderdi arkitektoniko, artistiko eta paisajistikoak ardatz hartuta, eta bere historiako azken 120 urteetako ibilbide bisuala eskainiz.

Hiru ibilbide gehiago

Hilerriaren alderdi orokorrak ezagutu nahi dituztenentzat, bi ordu inguruko bisita gidatua izango da, hilerriaren historia, kultura eta kondairak nabarmenduz. Bisita horiek ekainaren 23an, uztailaren 11n eta irailaren 8an egin ahal izango dira, eta Bilboko ezagutzan eta kulturan lagundu duten pertsona anonimoen eta figura ospetsuen istorio bereziak bilduko ditu. Gainera, bisita hau pertsona gorrei edo entzumen-desgaitasuna duten pertsonei egokitu dakieke, aldez aurretik eskatuta.

Laugarren ibilbidea, ‘Gerra-gunea’ izenekoa, ekainaren 28an eta irailaren 21ean eskainiko da. Bisita horietan Bilbok XX. mendean izan dituen gertaera mingarrienak gogoratuko ditu.

Azkenik, gaueko bisita antzeztuak ere eskainiko dira uztailaren 7an eta 19an, eta irailaren 6an, 13an eta 27an. Gaueko iluntasunean eta ilargiaren argipean, bertaratzen direnek hilerriaren historia ezagutzeko aukera izango dute, harresien artean atseden hartzen duten pertsonaia ospetsuen emanaldiaz gozatzen duten bitartean.

Bisitak gaztelaniaz egingo dira, uztailaren 11rako antolatutako bisita orokorra izan ezik, horiek euskara hutsean egingo baitira.

Interesa duten pertsonek izena eman dezakete Bilbao Zerbitzuen webgunean eta daten artean eguna eta ordua aukeratu. Prezioa 5 eurokoa da eguneko bisitetarako eta 10 eurokoa gaueko bisitetarako. Bisita bakoitzaren gehieneko edukiera 30 pertsonakoa da.

Gainera, talde, enpresa edo taldeentzako bisitak hitzar daitezke interesdunekin adostutako egun, ordu eta baldintzetan.