Bizkaiko diseinatzaile gazteentzako bekak

18-35 urte bitarteko moda diseinatzaile gazteek ekainaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren hautagaitzak

Bilbao International Art & Fashionek (BIAAF) eta BBK Fundazioak Bizkaiko diseinatzaile gazteentzako beken deialdi bat irekiko dutela iragarri dute. Ekimen honek modaren eta diseinuaren arloan munduko erakunderik ospetsuenetako bat den Central Saint Martin’s-en ikastaro labur eta espezializatu batean parte hartzeko aukera emango die hautatuei.

Neurrira diseinatutako ikastaroak Cristóbal Balenciaga Museoaren ‘Transmissions’ proiektuan hasteko aukera emango die ikasleei. Edukiak zuzendaritza sortzailean eta hasierako diseinuan oinarrituko dira, prozesu teknikoak biltzeaz gain. Programan zehar, ikasleek ‘Transmissions’ -en briefing-arekin lotutako kontzeptu narratibo pertsonal bat bistaratuko dute, berariazko azterketa-eremu bat hautatuz.

Parte-hartzaileek ikerketa-portfolio pertsonal bat egingo dute, eurek aukeratutako formatuan, eta bertan diseinuaren norabidea zirriborratuko dute eta 3Dko prozesu esperimentala dokumentatuko dute, formen hasierako sorkuntzatik patroi teknikora eta jantzien xehetasunetara.

Deialdia irekita dago 18 eta 35 urte bitarteko Bizkaiko diseinatzaile gazteentzat, baldin eta ingelesaren ezagutza nahikoa badute eta beren bilduma propioa garatzeko interesa badute. Interesdunek bilbaoartandfashion@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dute eskabidea, portfolio bat, motibazio-gutun bat eta curriculum vitaea ingelesez, 2024ko ekainaren 15a baino lehen. Eskabidean izena, abizenak, telefonoa eta NANa adierazi behar dira.