Crossover jaialdiak izen ezagunak bilduko ditu Donostian

Martxoaren 24tik 29ra egingo den Crossover jaialdiaren VIII. edizioan ‘La caza del solitario’ eta ‘Mariliendre’ telesailak estreinatuko dira

 Irakurketa denbora: 4 Minutu

Donostiak ‘Crossover. Telesailen Kultura’ jaialdiaren VIII. edizioa hartuko du martxoaren 24tik 29ra bitartean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatutako eta Kultur Factory kultur agentziarekin elkarlanean antolatutako jaialdi honek telesailen eta telebistako fikzioaren mundua ardatz duen jarduera-programa zabal bat eskainiko du. Gainera, antolatzaileek aurreratu dutenez, jaialdian ikus-entzunezko sektoreko pertsonalitate ugari izango dira. Horien artean nabarmentzen dira, adibidez, Arturo Valls, Omar Ayuso, Sonsoles Ónega, Nacho Vigalondo, Ane Gabarain, Martin Urrutia, Ana Wagener, Josep Cister eta Carles Porta.

Jaialdiak bi egoitza nagusi izango ditu: Koldo Mitxelena Kulturgunearen behin-behineko egoitza Alde Zaharreko Santa Teresa Komentuan eta Tabakalera.

Estreinaldiak eta emanaldi bereziak

Jaialdian bi telesail garrantzitsuren estreinaldiak ikusi ahal izango dira. Alde batetik, Carles Portaren ‘La caza del solitario’ aurkeztuko da, Movistar Plus+ katearen ez-fikziozko jatorrizko telesaila. Bigarren estreinaldia Javier Calvo eta Javier Ambrossiren ‘Mariliendre’ telesailarena izango da, Atresplayer plataformaren jatorrizko seriea. Donostian izango dira telesail honetan parte hartzen duten Martin Urrutia eta Omar Ayuso.



Estreinaldi horiez gain, jaialdiak bi proiekzio berezi hartuko ditu. Lehenengoa ‘La vida breve’ telesailaren lehen atala  izango da. Bertan izango dira ‘Reyes de la noche’ ezizenarekin ezagunak diren telesailaren sortzaile Cristóbal Garrido eta Adolfo Valor, eta baita telesailaren protagonista Carlos Scholz ere. Bigarren proiekzio berezia ‘Twin Peaks’ telesail mitikoaren kapitulu pilotuaren emanaldi berezia egingo da, Skyshowtime-ren eskutik. Saio horren ostean, Nacho Vigalondo eta Borja Cresporen arteko elkarrizketa bat izango da, duela gutxi hil den David Lynch zuzendariari eskainitako omenaldi gisa.

Elkarrizketak

Elkarrizketak, Crossover jaialdiaren nortasun-ezaugarrietako bat diren elkarrizketetan telesailen unibertsoaren eta gizartearekin duten harremanaren alderdi desberdinak aztertuko dira. Edizio honetan, adibidez, honako telesail hauek aztertuko dira:

  • ‘Desagertuta’. Laster Primeran Plataforman estreinatuko den telesail berritzaileak ohikoa ez den erronka bati egin dio aurre: istorio bera bi hizkuntzatan aldi berean filmatzea. Nahia Sillerok moderatzaile lanak egingo ditu eta Ane Rotek, Unai Iparragirrek eta Xabi Zabaletak hain zorrotza den erronka baten zailtasunak eta lorpenak azalduko dituzte euskaraz. Solasaldi hau martxoaren 24an izango da, 18:30etatik aurrera, Koldo Mitxelena Kulturunean.
  • ‘La Promesa’. Sara Hernándezek zuzenduko duen solasaldi honetan, Telenobela Onenaren Nazioarteko Emmy Saria jaso duen ‘La Promesa’ telesaileko Josep Cister eta Xabi Lock eguneroko telesailek bizi duten berpiztearen inguruan arituko dira. Solasaldi hau martxoaren 26an izango da Tabakaleran 19:00etatik aurrera.
  • ‘Las hijas de la criada’. Sonsoles Ónegak idatzitako eta 2023an Planeta Saria irabazi zuen eleberriaren moldaketa honen inguruko solasaldia martxoaren 29an izango da, 12:00etatik aurrera, Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan izango dira Diego del Pozo, Irene Rodríguez, Mena Fitté eta Sonsoles Ónega. Moderatzaile lana Maitena Salinasek egingo du.
  • Martxoaren 28an, Ane Gabarainek, María Guerrak eta Mariola Cubellsek telebistak eskaintzen duen fikzioan ikusten dugun emakumeen irudikapena aztertuko dute, ikus-entzunezkoetan, interpretazio ahaztezinekin, edadismoak emakumeengan duen eragin bereziari aurre egin dioten aktoreak eta pertsonaiak gogoratuz.
Jarduera osagarriak

Programazioaren barruan zenbait jarduera osagarri ere aurki daitezke. Adibidez, martxoaren 28an Tabakalerako LABen izango den ‘Series Gourmet’ jardueran Arturo Valls eta Diego San José izango dira telesailen inguruan hitz egiten menu goxo bat dastatzen duten bitartean.

Ikusle gonbidatuak izeneko atalean, berriz, hainbat persona ezagunen iritziak ezagutzeko aukera izango da:

  • Martxoaren 24an Ylenia Benitoren gidaritzapean, Caricature Resolution arduradunen ilustratzaileen kolektiboak telesailekin duen harremana, eta erakusketaren proiektuaren xehetasunei buruz hitz egingo dute Koldo Mitxelenan.
  • Martxoaren 25ean Urtzi Urkizuk Mikel Yarza elkarrizketatuko du Tabakaleran telesailen kritikak eta ikus-entzunezkoen industria iparramerikarrak Mendebaldeko balio moral, kultural eta politikoak fikzioaren bidez eraikitzeko duten moduari buruz egin duen azterlanaren inguruan.
  • Martxoaren 26an, Ylenia Benitok Joseina Etxeberria elkarrizketatuko du Koldo Mitxelena Kulturunean irratiko esatari ezagunak telesailekin duen harremanean sakontzeko.
  • Martxoaren 27an, Urtzi Urkizuk Elena Caballero elkarrizketatuko du Tabakaleran. La Basu izenarekin ezaguna den Elena Caballero Estatuko hip hop musikaren artista garrantzitsuenetako bat da eta bere telesail gogokoenei buruz eta narrazio zatikatuarekin duen harremanari buruz hitz egingo du.

Euskadi Irratiaren ‘Baipasa’ magazinak aurten ere ‘Zer ikusi’ atala aurkeztuko du, ikus-entzunezko edukiei eskainia. Edizio honetan, programak telesailen kontsumoari buruzko eztabaida planteatuko du ‘Hobe da telesailak maratoian ikustea ala astero ikustea?’  izenburuko solasaldian. Bertan izango dira Eider Saez, Gaizka Izagirre, Ibai Zabala eta Olaia Urtiaga.

The Simpsons vs Family Guy

Crossover-ek ‘Cosecha del 25’ ere barne hartuko du, non kazetari talde batek urteko telesailei errepasoa emango dien, eta ondoren, ‘Telesailen Bataila’ ezaguna, zeinak animazioko bi klasiko aurrez aurre jarriko dituen: The Simpson’ eta ‘Family Guy’.



Jardueren osagarri gisa, Santa Teresa komentuak martxoaren 24tik maiatzaren 1era ‘Caricature Resolution 25: The series’ erakusketa hartuko du, gipuzkoar marrazkilari talde baten lana, ‘Stranger Things’, ‘The Boys’, ‘The Walking Dead’ eta ‘Fallout’ bezalako telesailetako pertsonaia batzuen ilustrazioak egin dituena.

Crossover jaialdiak Donostiako Zinemaldiaren, Tabakalera-2deo ikus-entzunezko laborategiaren eta Basque Culinary Center-en babesa eta lankidetza du. Aurreko zazpi edizioetan, 20 estreinaldi baino gehiago proiektatu ditu.