Beldurrezko eta fantasiazko zinema gustuko duten gazteek urriaren 13ra arte izango dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Asteko Gazte Epaimahaian izena emateko aukera. Aurtengo edizioan, 150 gaztek Film Labur Onena aukeratu eta Gazteriaren Saria emateko aukera izango dute ekitaldi zinematografiko honetan.
Epaimahai espezializatu honetan parte hartu nahi dutenek Donostia Gazteriaren web gunean eman dezakete izena 2023ko urriaren 13ra arte.
Epaimahaia
Epaimahai gazteen talde hau urriaren 27an bilduko da Victoria Eugenia Antzokian arratsaldeko 16:00etatik aurrera saria lortzeko lehian dauden film laburrak ikusi eta ebaluatzeko. Epaimahaiko kide bakoitzak bere botoa emateko ardura izango du, eta, horrela, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Asteko Film Labur Onenaren Gazte Epaimahaiaren Sariaren irabazlea zein den erabakitzen lagunduko du. Gainera, Gazte Epaimahaiko bi ordezkarik emango diete sari honen berri jendeari eta zinemagileei.
18-30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta diren tokiak (150) baino eskari gehiago izanez gero, Donostian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna. Beharrezkoa izanez gero, zozketa publiko bat egingo da urriaren 18an, parte-hartzaileak zehazteko. Hautatuek urriaren 23a baino lehen baieztatu beharko dute bertaratuko direla, epaimahaian duten lekua ziurtatzeko. Emanaldira bertaratuko direla baieztatzen ez duten pertsonak baztertu egingo dira, eta, behar izanez gero, itxaron zerrendara joko da epaimahaia osatzeko.
Film laburrak epaitzeaz gain, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Asteko hainbat saiotan parte hartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Izen emateak Donostia Gazteriako webgunean (www.donostia.eus/gazteria) egin daitezke, eta bertan zozketaren emaitzak ikusi ahal izango dira, eta hautatutakoen bertaratzea baieztatu ahal izango da.
Informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuek 943 48 19 09 telefonora deitu edo gazteria@donostia.eus helbidera mezua bidali dezakete.