Donostiako gazteek Kirol Txartelaren erdia ordainduko dute irailetik aurrera

Donostia Kirolakek eta Rural Kutxak lau urteko hitzarmena sinatu dute Donostian kirola sustatzeko

 Irakurketa denbora: Minutu 1

Donostiako Udalak eta Rural Kutxak itxi duten akordio bati esker Donostian bizi diren 15 eta 30 urte bitarteko gazteek Kirol Txartela eskuratu ahal izango dute  % 50eko deskontuarekin. Neurria irailaren 1ean hasiko da, eta Anoetako instalazioetan hobekuntzak egitea ere aurreikusten duen lau urteko hitzarmen baten parte da.

Hobari horretaz baliatu ahal izango dira bai lehen aldiz alta ematen duten erabiltzaileak, bai bazkide izanik harpidetza berritzen dutenak. Neurri horren helburu nagusia da gazteenei udal kirol instalazioetarako sarbidea erraztea eta kolektibo horretan ohitura osasuntsuak sustatzea.



Hitzarmenaren baitan, Rural Kutxak egitasmoan parte hartzen duten gazteen matrikularen prezioaren erdia finantzatzeko konpromisoa hartu du. Akordio honekin, Rural Kutxa Donostia Kirolak-en lehen laguntzaile globala bihurtuko da.

Esan bezala, hitzarmenak lau urteko iraupena izango du eta deskontuez haratago doa. Izan ere, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute Donostian kirola bultzatzeko ekimen desberdinetan.

Hobekuntzak Anoetako kirol hirian

Ekimen horien artean, adibidez, Anoetako ekipamendu teknikoa hobetzeko konpromisoa jasotzen da. Bertan egingo diren esku-hartzeen xedea da instalazio horiek kirol lehiakorrerako erreferentziazko zentro gisa finkatzea eta haren irudia nazioartean proiektatzea.

Hobekuntza horiek gauzatzeko, jarraipenerako batzorde bat sortuko da. Bertan Donostia Kirola, Rural Kutxa eta atletismo, txirrindularitza eta igeriketa federazioek parte hartuko dute. Batzorde horren ardura instalazio bakoitzean diren beharrak identifikatzea eta beharrezkoak diren eguneraketak proposatzea izango da.



Elkarlanaren helburua da, halaber, kirol-hirian praktikatzen diren diziplinak indartzea eta bertako kirolariei laguntzea. Horrela, akordioak erabiltzaile partikularrei mesede egiteaz gain, Gipuzkoako hiriburuan lehiaketa-kirolaren maila igotzea ere du helburu.