Irakurketa denbora: Minutu 1
Iruñeko Udalak gazte ekintzaileei zuzendutako laguntza-deialdi berri bat jarri du abian. 60.000 euroko aurrekontua duen deialdiaren helburu nagusia da hirian jarduera ekonomiko berrien sorrera bultzatzea. Deialdia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie, baita bazkide edo kapital sozialaren bi heren adin-tarte horretakoak dituzten sozietateentzat ere.
Onuradunak izan daitezke jarduera ekonomiko berri bat eratzen duten edo eratu dutenak eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta lehenbiziko aldiz 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitartean eman dutenak, betiere, zerga-egoitza Iruñean badute. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 10era arte egongo da zabalik, aurrekontua agortu arte. Pertsona fisikoek eskaera telematikoki aurkeztu ahal izango dute, Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez, edo aurrez aurre Kondestable Jauregiko Erregistro Orokorrean eta erregistro laguntzaileetan. Sozietateek eta administrazioarekin modu telematikoan harremanetan jardutera behartuta dauden entitateek, berriz, bide telematikoa soilik erabili beharko dute.
Ekiteko bultzada pila bat
Laguntzek negozioak sortu eta martxan jartzeko beharrezko gastuen % 70 arte estaliko dute eta, gehienez, 2.000 euro izango dira pertsona fisikoentzat, sozietate zibilentzat eta irregulartzat; eta 3.000 euro, pertsona juridikoa duten sozietateentzat.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude hasierako inbertsioak, negozioen eskualdaketak, lokalaren alokairua, Gizarte Segurantzako kuotak, soldata-kostuak eta lokaletan (ez etxebizitza partikularretan) egindako argindar edo ur kontsumoak.
Pasa den urteko deialdian 27 eskaera aurkeztu ziren, eta laguntzek 28 enplegu sortzen lagundu zuten. Diruz lagundutako proiektuen artean, honako hauek nabarmendu ziren: enkargu-zerbitzuak, jantzigintza, komunikazioa, argazkilaritza, tatuaje-estudioak, ile-apaindegiak, berrikuntzak eta dekorazioa.
Deialdia banakako ebaluazio-erregimenean garatuko da, eta aurrekontu-partidaren banaketa urtean zehar egingo diren hiru ebazpenetan zehaztuko da.
Informazio guztia, eskaerak egiteko esteka eta beharrezko dokumentazioa eskuragarri daude 2025eko martxoaren 6an argitaratutako 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udal webgunean: www.pamplona.es.








