Gipuzkoako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei formakuntza eskaintzen dien TREBAGazteak programak berrikuntza garrantzitsu bat izango du aurten. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen programaren aurtengo edizioan ikastaroak Gipuzkoangazte web gunean den gela birtual baten bidez egin ahal izango dira. Momentuz ikastaro bakarra eskainiko da formatu horretan. Horretarako aukeratutako gaia ekologia da. “Ekologia gazteen ikuspuntutik” ikastaroan izena ematen duten gazteek bost orduko iraupena duen ikastaroa burutu ahal izango dute nahi duten erritmoan. Ikastaroa euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen da.
Ikastaroa
Ikastaroak egun bizi dugun egoera ekosozialaren inguruko oinarrizko kontzeptu batzuk jorratuko ditu. Gazteen ikuspuntutik abiatuta ekologia eta gure planetaren etorkizuna aztertuko da: ekintzailetza ekosoziala, gizarte-kolapsoaren arriskua, jasangarritasunaren bideragarritasuna, deshazkundea…
Ikastaroan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aldez aurretik gela birtualean izena ematea. Ikastaroa zenbait bideo eta testurekin osatzen da. Ondoren, parte hartzaileek galdetegi bat osatu beharko dute. Galdetegia zuzen osatzen duten horiek ziurtagiri bat jasoko dute.