“Emantzipa” laguntza eskatu nahi duten gazteentzako aholkularitza

GAZ Bilbaok ‘Emantzipa’ laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteei eskaerak egiten lagunduko die otsailaren 20tik aurrera.

Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzaren “Emantzipa” laguntza eskatzen lagunduko die hiriko gazteei. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen honen xedea da 25 eta 29 urte bitarteko gazteei laguntza ekonomikoa eskaintzea. Laguntza hori, gehienez ere, bi urte iraun daiteke eta hilean 300 euro eskainiko die gazteei, etxebizitza erosteko edo alokairuarekin lotutako gastuetan laguntzeko.

Laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten interesdunek “Emantzipa” laguntza eskatu ahal izango dute  otsailaren 20tik aurrera. Ekimen hori 2030 Euskal Estrategiaren barruan dago, gazteen emantzipazioa sustatzeko eta biztanleriaren segmentu horri etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko.

GAZ Bilbao

Eskaera prozesua sinplifikatzeko, La Perrera zentroan dagoen GAZ Bilbao zerbitzuak informazio-saio bat eskainiko du urtarrilaren 22an, 18:00etan. Saioan zehar, langile espezializatuek “Emantzipa” laguntza jasotzeko beharrezkoak diren baldintzei buruzko informazio zehatza emango dute, eta eskatzaile potentzialen artean sor daitezkeen zalantzak argituko dituzte. Iazko martxotik, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin lankidetzan, Bilboko Udalak Gazteen Emantzipazioari Laguntzeko Euskal Sarearen aurrez aurreko arretarako lehen udal-bulegoa jarri zuen martxan La Perreran. GAZ Bilbao izena duen zerbitzu horrek 400 gazteren kontsultei erantzun die eta aholkularitza integrala eta pertsonalizatua eskaini die 25 gazteri emantzipazio-prozesuetan.