Eta hemendik aurrera zer?

Euskara 21 Batzordeko 24 kidek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikarekin batera, “20 urteko perspektiban, zer?” galderari erantzun nahi dion txostena aurkeztu berri dute Donostiako Carlos Santamaría Zentroan.

Aipatu dokumentua ibilbide luze baten emaitza da. Izan ere, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren diagnostikoan sakontzeko egin zen AMIA dokumentuaren eztabaidaren ondoren, euskararen etorkizunaren inguruko gogoeta egiteko konpromisoa hartu zuen Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Txostenak, hizkuntza hitzarmen sozial eta politikoa indarberritzeko zutabe nagusiak eta lehentasunen markoa proposatzen ditu.

Txostenaren oinarrizko dokumentua pasa den urteko udan aurkeztu zen eta, jarraian, dokumentu horri ekarpenak egiteko epea zabaldu zen. Guztira, eragile desberdinek egindako 34 ekarpen jaso ziren eta horiek guztiak, urte honen hasieran aurkeztu ziren. Behin betiko dokumentuak proposamen horiek guztiak aintzat hartu ditu eta Euskara 21 Batzordeak, aho batez, berea egin du.

[pullquote]Behin betiko txostenean, besteak beste, etorkizunean zein arlo jorratu behar diren aurreikusten da[/pullquote]

Baztarrika sailburuordeak azaldu duenez, “hogei urte barru euskara biziagoa izango da zuhur jokatzen badugu eta herritarrok hala nahi badugu”. Baztarrikak azaldu duenez, txostenean jasotzen den ideia nagusienetako bat garapen iraunkorrarena da. Izan ere, txostenaren xedea datozen 20 urteei begira garatu beharko litzatekeen hizkuntza politikaren oinarriak finkatzea da. Horretarako, ahalik eta adostasun sozial eta politiko zabalena lortzea ezinbestekoa dela azpimarratzen da. Ildo berean, sektore publikoa, ekimen sozialaren sektorea eta sektore pribatua uztartzearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan da.

Dokumentuan, besteak beste, etorkizunean jorratu beharreko arloak aipatzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.