Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak aurretik Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatutako euskararen hutsuneak berretsi ditu. Horrela, Europako Kontseiluak agerian utzi duenez, ofizialtasunak ezartzen dituen betebeharrak ez dira betetzen euskararen kasuan.
Europak bereziki bi esparrutan ofizialtasunak ezarritako betebeharrak ez direla betetzen salatu du: Estatuko Administrazioa eta Justizia. Lehenengoari dagokionez, Adituen Batzordeak aurrez ikusitako arazoei irtenbidea emateko Espainiako Estatuak ez dituela neurri eraginkorrak hartu salatu du. Justiziaren kasuan, berriz, legeak ez die epaileei zein magistratuei euskararen derrigorrezko ezagutza ezartzen, eta beraz horrek zailtzen du konpromisoa betetzea.
Nafarroaren kasuan, Adituen txostenak hezkuntza, administrazioa eta zerbitzu publikoak, hedabideak eta gizarte-bizitza eta bizitza-ekonomikoa atalak aipatzen ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, hezkuntza arloan bereziki Lanbide Heziketaren inguruko kezka agertzen du Batzordeak. Zerbitzu publikoei dagokionez berriz, kezka agertu du, beste behin, Batzordeak herritarrek Osakidetzan jarritako kexen inguruan.