22 eta 30 urte bitarteko gazteek Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan izena eman dezaten epea ireki da. Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatutako programaren 30. edizioa izango da aurtengoa, 2.500 gaztek eta Euskadiko eta Amerikako, Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetako 100 GGKE baino gehiagok hartu dute parte.
Horren helburu nagusia da Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetan lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea eta herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea. Horretarako, hezkuntzari, berdintasunaren sustapenari edo nekazaritzari lotutako lankidetza-proiektuetan parte hartu ahal izango dute Amerikako, Afrikako edo Asiako hainbat herrialdetan, besteak beste.
Eskabideak aurkezteko epea gaur hasiko da, abenduaren 19an, eta 2024ko otsailaren 14an amaituko da, bi egunak barne. Eskabidea www.gazteaukera.euskadi.eus webgunean eskuragarri dagoen inskripzio-inprimakiaren bidez egin beharko da, eta, horretarako, identifikazio elektronikoko bitarteko bat eduki beharko da.
Gazteria Zuzendaritzak 500.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa garatzeko. Programa horren bidez, lankidetza-proiektuak koordinatzen dituzten GGKEei lagunduko zaie, bidaia-txartelak, bisak eta aseguruak ordainduko zaizkie proiektuak garatzen diren lekuraino bidaiatzeko, eta hautaketa-, prestakuntza- eta ebaluazio-proiektuak garatuko dira.
Izen-ematea eta hautaketa prozesua
Programan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da 1994 eta 2002 artean jaio izana (biak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea 2023ko abenduaren 19a baino lehen, eta proiektua garatzen den herrialdeko hizkuntza ezagutzea.
Beharrezko profilak askotarikoak dira: begirale titulua duten pertsonak; mekanika, elektrizitatea, ingeniaritza, berdintasuna, magisteritza, psikologia edo erizaintza ikasketak dituzten pertsonak, besteak beste; edo musika-tresna bat jotzen edo janaria prestatzen dakiten pertsonak, adibidez.
Lehenik eta behin, 2024ko otsailaren amaieran, aurre-hautaketa bat egingo da inskribatutako pertsona guztien artean, haien prestakuntza, lan-esperientzia eta kezkak aztertuta, eta Euskadiko GGKEek aurkeztutako lankidetza-proiektuen helburuak kontuan hartuta. Bigarrenik, aurretik hautatutako 200 pertsonak hartuko dute parte martxoaren 15etik 17ra bitartean Barriako aterpetxean (Araba) egingo den hautaketa-fasean. Horien artean, hautaketa-batzordeak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako, Gazteria Zuzendaritzako, Gazteriaren Euskal Kontseiluko eta GGKE desberdinetako ordezkariek osatua, gehienez ere 100 pertsona aukeratuko ditu Amerikako, Afrikako edo Asiako herrialdetan proiektuak lantzeko. Azkenik, apirilaren 13tik 14ra bitartean prestakuntza-fasea egingo da, baita Barrian ere, eta bertan parte hartuko duten proiektuei buruzko informazioa eskainiko da.